Dominika
Urkizan, Arabako
Urizaharretik hurbil, akelarrea ospatzen zuten asteartero. Han biltzen ziren eskualdeko
sorgin guztiak eta baita urrunetik
etorritakoak ere. Sorginek ukendu magiko batez
gantzatzen zuten beren gorputza honako hau esaten zuten bitartean: "Sasi
guztien gainetik eta hodei guztien azpitik", eta airean joaten ziren
ospakizuna gertatzen zelairaino.
Han, txistu eta danbolinaren soinura, dantzan jarduten zuten goizaldera arte, eta
oilarrak kantatu aurretik
beren etxeetara itzultzen ziren
berriro.
Zenbaitetan, Deabrua bera han izaten zen
bertan, aker itxuran, bere adar ikaragarri haiek
eta bizar zorrotzarekin. Gaizkine zuen izena eta usain kiratsua botatzen zuen,
zenbait kilometrotara ere zeharo ezaguna zena.
Gaizkine akelarreetara joaten zenean,
hango denek ipurdian musu eman
behar izaten zioten, beren begirunea adierazteko.
Behin batean, Petralinek, taldeko sorgin zahar batek, Dominika izeneko
neska gazte eder bati bota zion begia.
Kide berriak lortzen zituzten sorginak gaizkinek berak aipatzen zituen denen aurrean eta horixe izaten zen, hain
zuzen, akelarre batean jaso zitekeen
ohorerik handiena. Ez bat eta ez
bi, gaztea eskolatzen hasi zen Petralin, sorgin izateak zituen abantailez hitz
egiten zion bitartean.
Hasera batean, Dominikak gogor egin
zuen, sorgin izate hura ez zitzaion batere interesgarria iruditzen
eta. Azken finean, zahar ero batzuekin bilerak egitea ez zitekeen hain
aparteko gauza izan..., baina Petralinek etengabe adierazten zizkion sorgina izanez, egin ahal izango zituen
gauzak.
-Asto bihurtu ahal izango zara, edota txerri, katu,
txakur..., edo
euli.
-A ze gauza! -erantzun zion Dominikak-, nahiago nuke beltxarga, orein
edo arrano beltz bihurtu....
-Begikoa bota ahal izango diozu zerbait txarra egiten dizunari...
-Hori baino atseginago izango nuke
Martini begia botatzea, beti hor dabil
neska guztien atzetik eta...
-Segundo gutxitan zuk nahi duzun
lekura joan ahal izango duzu...
-Zioen etengabe Petralin sorgin
zaharrak.
-Hara! Hori besterik da, hori gehiago gustatzen zait...
Sorgin zaharrak azkenean lortu zuen
Dominika akelarrera berarekin joan
zedin burua berotzea eta han agertu
ziren biak, beren gorputza ukenduz
igurtzi eta formula magikoa esan
ondoren.
Zelaia ehunka sorginez betea
zegoen, denak su handi batzuen inguruan dantzan ari ziren. Sekulako zaratotsa egiten zuten
eta zelaiaren erdi
erdian, harrizko aldare bat zegoen.
Honen gainean aker bat zegoen, gaurik beltzena baino beltzagoa.
Atsoak esan zion gazteari zer egin behar zuen sorgin
izateko eta ezkerreko begiaren zurian apo-seinalea eraman ahal izateko.
Biak ilaran jarri ziren Gaizkineren ipurdia noiz
musukatuko zain eta txanda iritsi zitzaienean, Petralinek bere sorgingaia
aurkeztu zuen:
-Petralinek kide berri bat ekarri digu!
Denak txaloka hasi ziren eta Petralin
gaixoak garbi ikusi zuen huraxe zela bere bizitzan ezagutuko zuen unerik
zoragarriena.
Akerrak jaso zuen isatsa eta Dominika
bere begirune-erritoa betetzeko zain zegoen, baina neskak hura ikusi zuenean,
berehala oihukatu zuen:
-Jainko maitea! hauxe ipurdi zikina!
Erabateko isilunea gertatu zen eta,
ondoren, herrialde osoan entzun zitekeen oihuak egin zituzten. Gero, ezer ez.
Denak desagertu egin ziren. Dominika bakar-bakarrik zegoen zelaiaren erdian,
lasterkan abiatu zen eta ez zen gelditu bere burua etxeko ohean ikusi zuen arte.
Biharamun goizean Petralinekin egin
zuen topo, baina honek, ikusi orduko, beste aldera jo zuen eta parean
igarotzerakoan ez zion begiradarik ere bota.
Iturria: Euskal leiendak, Erein