Gizona eta sugea
Behin batean, Arabako Apellaniz
aldean, artzain koskor bat ahuntz
talde bat zaintzen ari zen. Egun
batean, deshidratazioz hiltzear zegoen
suge txiki bat topatu zuen. Pena handia eman zion eta narrastia eskuetan hartuz,
ahuntz baten titian jarri
zuen esnea edan ziezaion.
Eguna joan eta eguna etorri, artzaintxoa han joaten zen bere ahuntzekin eta sugea zain
edukitzen zuen
ahuntz-esnea edateko.
Hazi zenean, ahuntzari min emango zion beldurrez, artzainak berak jaisten zuen ahuntza eta esne epela
ontzi batean jartzen zion sugeari.
Artzaina lehenagotik joan edota sugea
agertzen ez zenean, mutilak txistu
jakin batez deitzen zion eta sugea
han etortzen zen nagusiarengana txakur batek egingo lukeen eran.
Horrela joan ziren urteak eta mutila
gizon egin zen. Artzaintza utzi eta
ezkondu egin zen. Egun batean, gaztetan ahuntzak zaintzen zituen leku
haietan paseoan zebilela, sugearekin bizi izandako abentura kontatu zion
bere emazteari.
-Begira! -esan zion- hor, zuhaitz
horren inguruan, suge bat hiltzeko zorian aurkitu nuen eta ahuntz-esnea
emanez salbatu nion bizia...
-Nola daiteke hori? -galdetu zion
emazteak.
-Halaxe da ba, eta ez hori bakarrik! Deitzen nion bakoitzean niregana
etortzen zen eta ordu asko ematen
genituen elkarrekin. Txistu eginez deitzen nion... ea gogoratzen dudan...
Gizonak txistu egin zuen eta, bat-batean, suge izugarri bat agertu zen,
bere bizitzan ez zuen neurri hartakorik ikusi. Sugea arin labaintzen
zen zuhaixken artean eta beraiengana zetorren zuzen zuzenean. Artzain izandakoa berehala etorri zen bere
senera eta honela esan zion emazteari:
-Gureak egin du! Ez dut janaririk
horri emateko..., hil egingo gaitu! Goazen!
Bikotea mendi-hegian behera abiatu zen
lasterka eta baita sugea ondotik, ia beraiek bezalako abiaduran.
-Bizkor! -oihukatzen zion senarrak
emazteari.
Mendi-hegiaren oinera iritsi zirenean, baseliza bat ikusi zuten eta harantz
jo zuten ahal bezain azkar, atzera begiratu ere egin gabe, sugearen
ziztua entzutea nahikoa baitzuten bertan zutela jakiteko.
Eliz
hartara iritsitakoan barrura sartu
eta atea kolpe batez itxi zuten. Sugeak zekarren abiaduraz ez zuen
gelditzerik izan eta burua atearen kontra lehertu zuen.