<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Herensugea

Gipuzkoako Arrasate herri txiki bat zen aitzinean. Bertako biztanleak hazienda eta ganadu zaintzen bizi ziren, zoriontsu ziruditen, baina arrisku handi baten menpean zeuden. Urtean behin, inguruko mendi bateko leizea kraskatzen eta dardarka hasten zen eta bere barrutik mamutzar ikaragarri bat ateratzen zen. Ahotik sua botatzen zuen bere aurrean jartzen zen guzia errez eta oin handien azpian zapalduz.

Arrasateko biztanleek urte asko zeramatzaten herensugearen urteroko agerpen hau jasaten eta azkenean, akordio gisako zerbait egin zuten piztiarekin.

Leizea dardarka hasten zen bakoitzean, herriko neska gazte denen artean txotx egingo zuten. Suertatzen zena, leize zuloaren aurrera eramango zuten. Akordioren ondorioz neska horietakorik ez zen berriro azaltzen, baina urte osoan, herriak ez zuen herensugearen erasorik jasotzen.

Arrasaten errementari bat bizi zen, sasoikoa eta ausarta. Ez zion ezeri beldurrik eta bere indarra ezaguna zitzaien herrialde osoan. Errementaria neska gazte begiurdin batekin maitemindua zegoen eta neskak ere beste honenbeste sentitzen zuen mutilarengatik. Biek elkar hartuta, neska adinera heldutakoan elkarrekin bizitzea erabaki zuten.

Halako egun batean, leize inguruan dunbots izugarri bat entzun zen. Herriko denak, ikaratuta, elkarri begira geratu ziren eta hitzik esan gabe plazarantz abiatu ziren, Arrasateko biztanle guztiak biltzen tokira.

Kontseiluak txotx egin zuen neska gazteen artean eta, errementariaren nahigaberako, andregaia hautatu zuten, oraindik gazteen artean baitzegoen. Askoren artean eutsi behar izan zioten, andregaia leizera zeramaten bitartean. Han utzi zuten eta, ahal bezain azkar, beren etxeetara itzuli ziren.

Errementaria ere bere etxera joan zen, burdin mutur zorrotz bat hartu eta sutegian jarri zuen surtan. Minutu gutxi batzuk barru, burdina gorri-gorri zegoen.

Errementaria, lasterka, leizerantz abiatu zen. Hara iritsi zenean, herensugea orduantxe ari zen haitzulotik ateratzen eta neskarengana zihoan; hau zain zegoen, beldurrak bere lekuan josita bezala.

Bultzada bat emanez, errementariak neska baztertu egin zuen eta herensugearen aurrez aurre jarri. Herensugea gelditu egin zen une batez; gero, tartean sartu zelako bere onetik aterata, sugarraldi bat bota zion mutilari. Baina errementaria adi zegoen eta, jausi bat emanez, sugarraldiari ihes egin zion. Burdina hartu eta, bere indar osoz, mamutzarrari lepoan sartu zion. Hau berehala erori zen eta, erortzerakoan, lurrikara sortu zuen Deba Garaia osoan.

Errementaria eta bere andregaia Arrasatera itzuli ziren beren herritarren txalo artean. Elkarrekin zazpi alaba izan zituzten; hauek, beren aitari esker, lasai bizi izan ziren, herensugeari eskainiak izateko arriskurik gabe.

Iturria: Euskal leiendak, Erein