<<< Orri Nagusira

       

www.puntubi.com

Lau anaia umezurtz

Herri txiki bateko lau anaia umezurtz geratu ziren. Gurasoek ogi bat utzi zieten ondare guztitzat. Hala bada, herritik joatea erabaki zuten eta, ogia lau zati egin ondoren, bakoitzak bere bidea hartu zuen.

Zaharrenak astronomo bat aurkitu zuen bidean eta berarekin geratu zen ofizioa ikasteko asmoz.

Bigarrena gizon jostun baten etxera iritsi zen, eta honek, lanbidea irakatsiko ziola agindu zion.

Hirugarrena ehiztari batekin topatu zen eta, ehizaren xehetasun guztiak ikasteko, berarekin geratu zen.

Laugarrenak lapur batekin egin zuen ezaguera. Eta honek horrela esan zion:

-Nahi baduk, gera hadi nirekin, nik eskolatuko haut lan honetan, maisurik hoberenarekin ikasiko duk lapurretan.

-Niri lapurtzea txarra dela esan didate beti -erantzun zion gazteak.

-Ikasteak ez dik ezer txarrik -esan zion lapurrak- gero, nahi baduk lapurtu egingo duk eta nahi ez baduk ez.

Hortaz, laugarren anaia hau, lapurrarekin geratu zen.

Zazpi urte igaro ondoren, lau anaiak elkartu egin ziren berriro. Bakoitzak ikasitakoaren berri eman zien besteei.

-Ni astronomo batekin aritu naiz ikasten eta maisuak tresna hau oparitu dit; honekin nahi dudan guztia ikus dezaket -esan zuen anaia nagusiak.

-Ba, ni jostun batekin ibili naiz eta dena josten duen orratz bat oparitu dit -esan zuen bigarrenak.

-Nik ehizean ikasi dut ehiztari ospetsu batekin eta apuntatzen duen guztia hiltzen duen eskopeta bat oparitu dit hark -gehitu zuen hirugarrenak.

Gazteenak ez zuen ezer esaten. Besteek galdetzen zioten:

-Eta hik, zer ikasi duk? Zer egin duk zazpi urteotan?

-Ba... ni lapur lanean eskolatu naiz.

Elkarrekin geratzea erabaki zuten, bakoitzak zekienean jardungo zuela eta. 

Horretan zeudela, berri bat iritsi zitzaien: herensuge batek erregearen alaba bahitu zuela eta erregeak emaztetzat emango ziola askatzen zuenari. Lau anaiek bere bila joatea erabaki zuten.

Astronomoak bere tresnan zehar begiratu zuen eta herensugeak printzesa non zeukan ikusi zuen: itsasoz beste aldeko herri batean zeukan gordeta. Joan ziren erregearengana eta ontzi bat eskatu zioten itsasoa zeharkatzeko.

Hara iritsitakoan, lapurra herensugearen lekura joan zen eta, isil-isilik, printzesa ohostu zion. Baina alde egiteko zeudenean, herensugea esnatu eta bi zangokadatan beraiek zeuden tokira iritsi zen.

Ehiztariak apuntatu eta tiro batez hil zuen herensugea, baina lurrera erortzerakoan, izugarrizko zuloa egin zuen itsasontzian. Ura sartzen hasi zen.

Ontzia urperatzen hasi zen. Orduan, jostunak dena josten zuen orratza hartu eta berehala konpondu zuen. Gero, lau anaiek printzesa bere gaztelura eraman zuten eta erregeari bere alabaren eskua eskatzen hasi ziren.

-Nik aurkitu dut -esan zuen astronomoak- eta nik ezkondu behar dut berarekin!

-Ez. ez -esan zuen lapurrak- ni naiz printzesarekin ezkondu behar duena, nik kendu baitiot herensugeari!

-Ba, nik herensugea ez banu hil  izan -esan zuen ehiztariak- orain  denok hilda egongo ginateke!

-Eta nik ontzia ez banu konpondu, denok itoko ginatekeen. Horrela bada, ni naiz printzesarekin ezkondu beharrekoa -esan zuen azkenik jostunak.

Erregeak erabaki zuen ez batak, ez besteak, ez hirugarrenak eta laugarrenak ez zutela banaka nahiko meriturik egin printzesaren eskua merezi izateko. Hortaz, bakoitzari zagi bana urre eman eta alde egiteko esan zien. Kondairak dioenez, printzesa han inguruko errege baten semearekin ezkondu zen.