Hontzuria
Arabako herri batean bi anaia bizi ziren, biak erabat ezberdinak beren
izaeran. Bata, ona eta eskuzabala zen;
bestea, ordea, zikoitza eta gaiztakeriaz josia. Batek ongia eta jainkoa
zituen maite; besteak, ordea, ez zuen
deabruarengan ere sinesten, bere
buruak bakarrik arduratzen zuen eta
egunetik egunera biltzen ari zen
ondasunak.
Urteak joan eta urteak etorri, aberatsa geroz eta gehiago aberasten ari
zen, ez zion inori ezertxo ere ematen eta bere buruari ez zion poztasunik txikiena ere opa horrek dirua
gastatzea suposatzen baldin bazuen.
Horrela bada, sekulako dirutza bildu zuen eta zazpi giltzapean gordea zeukan,
ilunabarrero hura pozaren
pozez zenbatzen zuelarik.
Beste anaia, berriz, lehen baino ere
arloteago zegoen. Besteenganako maitasuna zela medio, zuen guztia banatzen zuen. Herriko behartsu
guztiek bazekiten haren atera joanez gero,
ez zirela esku hutsik aterako.
Halako batean, anaia arlotea bizitik gaixotu zen eta heriotza bertan zuela nabariturik, lagun bat bidali zuen
anaiarengana kandela batzuen bila,
izan ere jakina baita hildakoak
argiren bat behar duela inguruan egin
behar duen bidea argiztatzeko.
Ondoan kandela-argirik gabe, hildakoa hara eta hona ibil zitekeen bidea
aurkitu ezinean.
Laguna joan zen bada anaiaren etxera eta kandela pare bat eskatu zion
hiltzear zegoen anaiarentzat, baina zikoitzak honela erantzun zion:
-Berarengandik laguntza jaso duten haiek eman diezazkiotela
kandelak.
Nik ez dut inoiz ezer eman eta ez
dut orain aldatzen hasteko asmorik!
Nire anaiak ez dit inoiz ezer eman,
ezta eskatu ere; beraz, kitto gaude!
Gau horretan bertan hil zen gaixoa,
baina hil aurretik honako hitz hauek
ahoskatu zituen:
-Madarikatzen haut, anaia! Hiltzen haizenean ez al duk ba inor izango
alboan hire begiak ixteko eta hire
arima betiko erratua geratuko al
duk hontza zuriren baten barruan.
Eta hori esanez, azken arnasa eman
zuen.
Urte asko joan ziren geroztik. Zikoitza ez zen inoiz anaiaz gogoratu,
baina egun batez, dirua zenbatzen
ari zela, gaitz bat sumatu zuen. Berehala jakin zuen hiltzera zihoala eta, bat-batean,
anaiaren azken hitzak etorri zitzaizkion burura. Erabat beldurturik, barkamena eskatu zuen,
baina une hartan bertan hontzuri bat
sartu zen leihotik eta bere buruaren gainean hasi zen hegan. Orduan,
urrunetik zetorren ahots bat entzun
zuen honela zioela:
-Ez diat zer barkaturik, ez baitidak
inoiz ezer egin, baina hire arima
erratua ibiliko duk mendeetan eta
mendeetan, gaur, hire heriotzako egunean, hire alboan daukaan hontzuri
horren gorputzean.
Gero, anaia aberatsaren arima hontzuriaren gorputzerantz abiatu zen.
Bere gorputza ez zuten inoiz aurkitu ahal izan eta jendearen ustez oraindik ere erratua dabil hontzuri itxuran. Hori dela eta,
norbait gaixo
dagoen etxe inguruan hontzuriren
bat agertzen denean, seinale txarra
izaten da, gaixoa hil edota gaizkitu
egingo dela adierazten baitu.