|
<<< Orri Nagusira |
www.puntubi.com |
Gaztelutik urruti gabe hiru anaia bizi ziren, arratoiak baino behartsuagoak. Erregearen eskaintzaren berri izan zutenean, haiek ere horretan saiatzea erabaki zuten.
Zaharrenak saski bat hartu zuen, sagar gorri ederrez betea; bigarrenak, aurkitu zuen lore-sortarik politena eta gazteenak, berriz, ez zuen ezer hartu.
Bidean, sorginentzako tranpa batean hartua atso zahar bat topatu zuten. Honek oihu egin zien:
-Lagun iezadazue hemendik ateratzen!
Anaietako bi zaharrenek ez zioten begiratu ere egin, eta bideari jarraitu zioten. Gazteenak, ordea, zulotik ateratzen lagundu zion.
-Eskerrik asko, gazte -esan zion sorginak eskerronez-, nolabait saritu nahi hinduket. Ez al duk aberastu nahi?
Jakina baietz! -erantzun zion gazteak-, asmo horrexekin noa erregearen jauregira bada.
Berak bakarrik zekien nonbaitetik sorgin zaharrak bildots beltz-beltza atera zuen.
-To! -esan zion gazteari-, har ezak besotan eta ez utzi ezergatik ere!
Erresumaren hiriburura iritsi zenean lotarako leku bila
hasi zen, baina ostatu eta benta guztiak bete-beteak
zeuden; azkenean, norbaitek apaizaren etxera joateko esan zion, han
ohe bat emango ziotela eta. Eta halaxe gertatu zen. Apaizaren etxean ondo hartu zuten eta baita bildotsarentzako lekua eskaini ere, baina
mutilak ezetz esan zien, bildotsak
beti berarekin egiten zuela lo. Apaiza eta serorak harrituta begiratu zioten, mutilak
baina, ez zien beste azalpenik eman.
Apaizak, jakinguraz, gau osoan ez
zuen begirik itxi. Goizaldera gaztearen gelan sartu zen eta, bildotsa aztertu nahian, belarri batetik heldu
zion.
Une hartantxe animaliari itsatsia geratu zen. Bildotsa beeka hasi eta mutila esnatu zuen.
Apaiza han zebilen
askatu nahian, baina ez zuen lortzen! Izututa, serorari deitu zion eta
hau lasterka joan zen zer gertatzen
ote zen jakitera, baina, zoritxarrez,
lotarako atorra iltze batekin kateatu eta atzealdea bistan zuela geratu
zen. Bildotsa eta apaiza banatu
nahian, beste belarritik heldu zion bildotsari eta bera ere itsatsia geratu
zen.
Denak tiraka eta oihuka, kalera irten ziren. Baratza baten ondotik igarotzerakoan serorak aza-hosto bat hartu zuen ipurdia estaltzeko eta, lasterka eta oihuka, gaztelurako bidea hartu zuten.
Hiru ahuntzen aurretik igaro ziren. Hauek, aza-hosto eder hura ikusi zutenean muturra luzatu zuten eta itsatsita geratu ziren.
Denak plazara iritsi zirenean, okina okindegia irekitzen ari zen.
-Lagundu! -esan zioten-. Aska gaitzazu!
Saiatu zen baina bera ere besteak bezala geratu zen.
Aurrerago, errementaria sutegia berotzen ari zen.
-Hi sasoikoa haiz! Hator gu askatzera!
Errementaria joan zitzaien, baina okinari itsatsita geratu zen. Etxe baten aurretik igarotzerakoan bi emakume ikusi zituzten hizketan, ataria garbitzen zuten bitartean. Ikuskizun hartaz erreparatu zirenean, bi emakumeek barreari eman zioten.
-Barre egin ordez hobe zenukete laguntzea! -oihukatu zien serorak.
Beren erratzak hartu eta saiatu ziren baina, lehenengo erratzak eta gero beraiek, itsatsita geratu ziren.
Izkina batean itsu bat zegoen bere zakurrarekin. Taldea negarrez eta oihuka ikusi zuenean, zakurra zaunkaka hasi zen eta andreetako bati hozka egin zion hankan. Berehala besteei itsatsi zitzaien eta. jakina, itsua ere bai.
Eta honela, gazteluaren aurrera iritsi ziren.
Artean, goiz zen baina printzesa jaikita zegoen, leihoaren kontra, sekula baino tristeago. Halako batean, hara non ikusten duen talde osoa: mutila, bildotsa, apaiza, serora, aza-hostoa, ahuntzak, okina, errementaria, bi emakumeak, zakurra, itsua,... eta denak elkarrekin lasterka eta oihuka ikusi zituenean, sekulako barregura sartu zitzaion eta gazteluko denak esnatu zituen.
Erregea pozez zoratzen zegoen alaba barrez ikusteaz, baina laster poza kezka bihurtu zitzaion, neska ero baten gisara ari baitzen barrez, itotzeko zorian. Bitartean, talde madarikatu hura han zebilen jauregi aurrean, bueltaka eta oihuka. Erregeak soldaduei deitu eta talde osoa hiltzeko agindu zien, bere alaba barrez hil baino lehen.
Soldaduak agindua betetzera zihoazenean, gaztea bat-batean gelditu egin zen eta baita beste denak ere; berehala askatu ziren denak. Gero, printzesari oihukatu zion:
-Aski da!
Eta bildotsa beeka hasi zen. Printzesa isildu eta sendatu egin zen. Erregeak bere hitza bete zuen eta bi gazteak ezkondu eta zoriontsu izan ziren.