|
<<< Orri Nagusira |
www.puntubi.com |
Itzine mendiko leize batean zuen bere gordelekua eta han jasotzen zituen, lapurtu ahala, altxor guztiak: urrezko txanponak, kateak, eraztunak, brillantezko belarritakoak, perlazko koilareak...
Batzuetan, Orozkotik aparte joan behar izaten zuen bere "lanera", lurralde hartan oso ezaguna baitzen eta edozein momentutan harrapa zezaketen mikeleteek. Hauek zelatan egoten ziren, lapurrari eskua noiz baino noiz erantsiko. Aldi horietako batean, etxetik urrun zebilela, hil egin zen. Historiak ez digu argitzen zertatik hil zen: askotan hala egiten zuenez, gehiegi jateagatik izan zitekeen eta baita zalditik erorita ere. Hil zen tokian, hantxe lurperatu zuten behintzat.
Orozkon horren berri izan zutenean, talde bat osatu zuten Itzinera lapurraren altxorraren bila joateko. Egunak eta egunak eman zituzten leizearen bila, baina ez zuten aurkitu. Azkenean, etsita, gizonak etxera itzuli ziren.
Handik denboraldi batera Bilboko jauntxo batzuk etorri ziren Orozkora. Mapa eta marrazki ugari zekartzaten. Itzinera joan eta ordu batzuk barru, hantxe topatu zuten Atxulaur leizea. Hura poza haiena! Ze albiste ona herrian! Leizearen inguruak laster bete ziren begiluzez eta sekulako zeremoniaren ondoren, sartzen hasi ziren.
Taldeko lehenengoak hanka leize barruan sartu orduko, hots izugarri bat entzun zuten, zezen basatiena zirudien, baina askoz ozenagoa. Gizonari odola hormatu zitzaion eta berehala atera zuen hanka.
-Entzun al duzue? -galdetu zien besteei.
-Nik bai! Nik bai! -esan zuen batek -leizeko deabrua da!
-Ze deabru eta ze arraio! -erantzun zuen beste batek- honelako lekutan beti entzuten dira hots arraroak, hori haizeak egiten du zuloren batetik sartzerakoan...
-A! -ekin zion lehenengoak- horren ziur bazaude segi bada aurretik!
-Horixe joango naizela! Zergatik ez ba?
Eta ausart hura leizera abiatu zen. Ez zuen aitaren egiteko betarik ere izan! Zezen bat azaldu zitzaion sudurretik kea zeriola. Zezen arruntak baino bi bider handiagoa zen. Animaliak behin eta berriro putz egin zuen eta lurrean atzaparka hasi zen, hango haiek erasotzeko asmo garbian.
Gizonak ikaraz mugitzeko ere gauza ez zirela zeuden, baina hura. ikusi zutenean, buelta emanez lasterka atera ziren leizetik.
-Zer zen hori? -galdetu zuen batek.
-Deabrua! Esan dizuet lehen ere! -gehitu zuen beste batek.
-Akabo gure altxorra! -zioen lehenengoak.
-Ez horixe! -ihardetsi zuen ausartak -nola edo hala, hor barrura sartu behar dugu!
Orozkora itzuli eta hango jakintsuenei galdezka. hasi ziren. Batzuentzat deabrua zen zalantzarik gabe, gainera adarrak zituen! Beste batzuentzat, Mari, jainkosa nagusia zen, eta hori zuen bere gordelekuetako bat; eszeptikoen iritziz, baserriren batetik ihes egindako zezen arrunta zen... baina azkenean, adintsuenak esan zuen:
-Ez deabru, ez Mari, ez zezen galdua... hori lapurraren izpiritua da.
Etxera itzuli da eta atsedena bakean izango badu, bere kondarrak behar ditu.
Honela bada, beste lagun-talde bat osatu zuten lapurra hildako lekura joan eta bere hezurrak edo geratzen zena ekartzeko.
Handik egun batzuetara itzuli ziren kondarrekin eta leizearen sarreran utzi zituzten. Berehala hauts bihurtu ziren. Berriro leizera sartzeri ausartu ziren eta, pozaren pozez, zezena ez zela agertzen ikusi zuten, ez zen inolako hotsik entzuten, baina altxorra han zegoen osorik, distiratsu... kaxa eta kutxa guztiak ateratzen hasi ziren, denak gauzez beterik zeuden. Dena atera zuten, han ez zen sos-erdiko txanponik ere geratu. Orduan, izugarrizko algara sumatu zuten, eta ahots batek, batzuek ziotenez lapurraren ahotsak, esan zuen:
-Eskerrik asko altxorra nire partez ateratzeagatik!
Eta han zeuden guztiak sor eta lor zeudela, kaxak eta kutxak desagertu egin ziren, lurrean inolako arrastorik utzi gabe.