|
Burdin
Aroan zuten mugikortasunaren berri ematen duten arrastoak agertu dira
Basagain mendian Burdin Aroko herrialde bat
aurkitu dute, eta horren bidez, bertako gizakien jardueren berri jakin
ahal izan dute. Burdina zen nagusi garai hartan, armak eta tresna sendoak
egiteko erabiltzen zuten batik bat. Horretaz gain, garai hartan brontzeari
ere garrantzia ematen zitzaiola ikusi dute, "brontzea dekorazio
kontuetako tresnetan ezagutu dugu orain arte, baina orain badakigu lan
tresnak egiteko ere erabiltzen zutela", adierazi du Peņalverrek.
Burdinaren erabilera oso ohikoa zen, bai eraikuntzan, bai abeltzaintza
kontuetan eta baita tresnak egiteko ere. Mineral zatiak ere aurkitu
dituzte.
Garai hartako etxeak zirkularrak zirela uste dute, aurkitutako harri eta
landare batzuen orientazioa dela eta. Formaz karratuak diren etxebizitzak
modernoagoak dira, zirkularrak baino. Etxebizitza batetik besterako muga
adierazten duen lerro garbirik ez dute aurkitu, baina aurkitutako harri
multzoek zein zutoinek etxeen neurrien inguruko argibide batzuk ematen
dizkiete. Herrialdea babesten zuen harresi baten zati bat ere aurkitu dute
Basagainen. Horrez gain, zeramikazko zenbait gauzaren zatiak ere aurkitu
dituzte, bai eskuz egindakoak, eta baita tornuen bidez landutakoak ere.
Burdin Aroan hasi ziren tornu bidezko piezak lantzen. Marseilla ingurutik
ekarritako eskumuturreko bat ere aurkitu dute. Mugikortasunaren berri
ematen dute datu horiek; orain arte, horrelakoak Ullesterren (Girona,
Herrialde Katalanak) bakarrik aurkitu izan dituzte.
Aurtengo aurkikuntzarik garrantzitsuena, hala eta guztiz ere, harrizko
estela bat izan da. 40 zentimetro neurtzen ditu eta goranzko punta bat du.
Azpimarragarriena da estela bizitoki batekin lotuta egotea, eta ez
ehorztetxeekin.
Garai hartan, nekazaritzak garrantzi handia zuen. Lehenago inguru horietan
abeltzaintzak zuela protagonismo guztia pentsatzen zuten, baina
aurkitutako aztarnek nekazaritzak zuen garrantziaren berri eman dute,
"hasiera batean inguru hauetan artzainak baino ez zeudela uste zuten;
orain, ordea, laborariren garrantziaren berri ematen duten datu asko
ditugu".
|