Gaztela

Iberiar penintsularen erdiguneko lurralde historikoa da Gaztela. Erromako Inperioaren garaian Hispania Betica eta Tarraconense artean banatua. Mendikatea Zentralak bitan banatzen zuen: iparraldean, Gaztela Zaharra eta hegoaldean Gaztela Berria. Asturiasko erresumaren Ekialdeko lurraldea zen Gaztela, baina, IX. mendean hasi zen indarra hartzen, konderri ugari sortu baitzen Duero ibaiaren eta Kantabriar mendikatearen artean. Fernan González Gaztelako konderri guztien konde bilakatu eta, Leongo erresumatik askatuz, Gaztela independente bihurtu zen 950ean.

Gartzia Santxez kondeak bere koinatu Nafarroako Antso III.a Nagusiaren babespean gobernatu zuen (1017 -1029) eta Leongo Alfontso V.aren alaba Santxa infantarekin ezkontzera zihoala Bela Familiakoek hil zutenean, konderria Fernandok, Gartzia Santxezen iloba baitzen, eskuratu zuen bere amarengandik eta, Iruñeko erresumaren menpe gelditu zen. Nafarroako Antso III.Nagusia hildakoan (1035) bere seme Gartzia III.a Santxez Naiarakoak, jarauntsi zuen Nafarroa eta bere bigarren seme Fernandok lehendik zuen konderria. Fernando Leongo Bermudo III.aren arreba Sancharekin ezkondu zen (1037) eta urte berean bere koinatua Tamaran, Palentzia, garaitu eta hil ondoren Leongo errege bihurtu zen (1037 - 1065). Gaztela erresuma berean sartu eta Gaztela-Leongo errege bihurtu zen. Ondorengo urteetan musulmanei eta nafarrei irabazitako lurrez erresuma handiagotuz joan zen. 1054an Bureba inbaditu zuen, 1076an Naiara, 1200ean Gasteiz eta 1230ean, berriz, Gaztela eta Leongo erresumak batu egin ziren. 1479an, Aragoiko eta Gaztelako koroek bat egin zuten Fernando II Inkisiziokoa eta Isabel I Gaztelakoa ezkondu zirenean. Azkenik, Albako dukea buru zuten osteek Nafarroako erresumaz jabetu (1512) eta horrela sortutako erresuma-batura izendatzeko, Espainia izena erabiltzen hasi ziren.

Ameriketako lurrak Kristobal Kolonen eskutik ezagutu zituzten eta hura arpilatzeari esker Gaztelak botere handia hartu zuen Europan.  XVI. mendetik aurrera Gaztelako Inperioaren gainbehera hasi zen, eta horrekin batera bere botere ekonomikoa. 1978ko konstituzioaren ondorioz Gaztela hiru autonomi elkartetan banatuta geratu zen: iparraldean Gaztela eta Leon, hegoaldean Gaztela-Mantxa eta erdialdean Madril.

Iturria: Harluxet