Probintzia Batuak

Herbehereetako iparraldeko antzinako estatua (1579 - 1795). 1579an Herbehereetako probintzia kalbindarrek (Zeelanda, Overijssel, Holanda, Gelderland, Frisia, Groninga eta Utrecht) Espainiako koroarekin hautsi eta independentzia lortu zuten, Utrecht-eko Batasuna osatuz. Espainiaren aurkako gatazkak ez ziren horratik amaitu eta gerra izan zen berriro 1585-1609 eta 1621-48 urteetan. Espainiako koroak Probintzia Batuen independentzia onartu zuen 1648an.

Gilermo II.a Orange-koa hil ondoren (1653), Probintzia Batuek "estatuderrik" ez izendatzea erabaki zuten eta merkatarien oligarkia jarri zen agintari, Jan de Witt buru. Garai hartan inperio koloniala zabaldu zuten eta, Ingalaterra, Danimarka eta Suediaren kontrako gerren ondoren, itsasoan nagusitasuna lortu zuten. 1672an Frantziak inbaditu zituen eta Jan de Witt-ek boterea galdu zuen. Gilermo III.a estatuder izendatu zuten. Gilermo III.a Ingalaterrako errege bilakatu zen 1689an eta Probintzia Batuen interesak Ingalaterrakoen menpe jarri zituen. 1702an hil zen Gilermo III.a eta estatuderrik gabeko aldia zabaldu zen. 1740 - 1747an Gilermo IV.a izendatu zuten estatuder.

Britainia Handiaren kontrako gerrak (1780 - 1784) hondamendia ekarri zion merkataritza nederlandarrari. Frantziak berriro inbaditu zituen 1795ean eta Bataviako errepublika eratu zuten. Napoleonek 1806an Holandako erresuma sortu zuen eta Luis Napoleoni eman zion erregetza. 1810ean Frantziak zuzenean hartu zuen lurraldearen gobernua. Vienako kongresuak (1815) Probintzia Batuen eta Austriaren menpe zeuden Herbehereak batu zituen eta horrela sortu zen Herbehereetako erresuma.

Iturria: Harluxet