Espainiako
agintariek Gernikan jazotakoa aitortu eta barkamena eskatu behar dutela
esan du Eusko Jaurlaritzak.
Alemaniako
agintariek 1977an egin zuten moduan, Espainiakoek ere Gobernuak eta Parlamentuak
1937ko apirilaren 26an Gernikan (Bizkaia) zer jazo zen aitortu eta bertako
herritarrei barkamena eskatu behar diete. «2007a, bonbardaketaren 70.
urteurrena, une egokia izan daiteke aitortza egin eta Gernikako zein Euskadiko
herritarrei barkamena eskatzeko».
Miren
Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuaren berbak dira horiek. Gernikan
eginak, George L. Steer zenari atzo egin zitzaion omenaldian. Berau izan zen
1936. urteko apirilaren 28an egun bi lehenago Gernikan jazotakoaren berri Times
egunkari britainiarrean eman zuen gerra kazetaria. Ordura arte erasoaz Francok
zabaldutakoa besterik ez zen ezagutzen: Gernika «gorri separatistek» suntsitu
zutela zioena.Gezurraren harresia hautsi izana gogoratu eta eskertzeko, Udalak
plaka-eskultura bat ipini dio Gernikako kaleetan duela 60 bat urte zendutako
berriemaileari. Ekitaldian lekuko izan ziren George L. Steer, kazetariaren izen
bereko semea, eta Nicholas Rankin haren biografia idatzi duena.Gaurko aginte
maila guztiak izan ziren ekitaldian: Udala, Bizkaiko Batzar Nagusiak, Eusko
Legebiltzarra, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua. Aginte barik, baina
lerro berean, Carmelo Barrio PPko burua. Berau izan zen Azkarateren berbak
txalotu ez zituen bakarra.
George
L. Steerrek biziki eskertu zuen aita zuenari egindako omenaldia. Hark ingelesez
esandakoak Rankinek itzuli zituen gaztelaniara: «Aitak gudarien eta euskal
herritarren sakrifizio, gizatasun, adore eta diziplinaren berri eman zuen, euren
herria iraunarazteko egin zuten ahaleginaren berri. Ordukoak gaurkotasun handiko
idatziak dira, dudarik gabe».
Gerra
garai ilunetan, lagunen aldetik kritikak eta burlak jaso omen zituen euskal
herritarren alde hartutako jarrerengatik. «Bazuen hark gogoa gaurkoak bezalako
garai hobeetan burla horiengatik barkamena eskatzeko, baina Heriok eraman zuen
ezer egin aurretik».
Bederatzi
urtez gerra kronikari izan zen gizonak ikusitakoak ikusita bizitza eta haren
plazerak maite zituela aitortu zuen semeak. «Askatasuna maite zuen, eta bakea,
ohorea eta etxekoen maitasuna».Hunkituta eskertu zien gernikarrei aita zuenari
egindako omenaldia. «Erraza izan da hitz hauek esatea, baina oso zaila horiek
adierazten duten indarrari eustea. Eskerrik asko».
Iturria:
Ińigo Bilbao (Berria)