Gero (Axularrena)

Axularren obra honen izenburu osoa "Guero, bi partetan partitua eta berecia" da, 1643koa. Euskal literaturako obra nagusietakoa da. Erlijio-betekizunak geroko uzteak ekar litzakeen kalte eta zorigaitzez dihardu liburuak; gizakiak, luzamendutan ibili gabe, Jainkoarengana bihurtu behar duela alegia. Izenburuan "bi partetan partitua" esan arren, liburu bakarra baizik ez da ezagutzen (Lafittek bi parteak batera eta nahasian ageri direla dio, baina iritziak bereiz dabiltza, Villasante bigarren partea betirako galdu delakoan baitago).

Obrak ez du mistizismo-apurrik ere erakusten; aszetikako egia bat azaldu, erakutsi eta frogatu nahi du, eliz pulpitutik ari bailitzan taxutua. Urdazubiko lapurteraz idatzita dago eta 6 argitalpen izan ditu, gipuzkeraz eta bizkaieraz eginiko bertsioez gainera. Villasanteren ustez, klasikoa da, maisu-lana: eduki aberatsa, literatura ederrekoa, egitura dotorez taxutua, antzinatasuna eta originaltasuna (zenbaitek, Frai Luis Granadakoaren Bekatarien Gida delakoarekin duen antza dela eta, zalantza badu ere). Estiloari dagokionez, euskal sena du betiere abiapuntu eta maila literario egokia erakutsi zuen bere euskalkian; hitz-jokoak, argudioak, errefrauak, ateraldiak, etab., denak euskal hizkera dotorez eta ulergarriz moldatuak daude.

Iturria: Harluxet