Bela, Jeanne-Philippe

Jeanne-Philippe Belako jauna Maulen jaio zen 1709an eta Pabe-n hil 1796an. Belako Jakes-en legegizon eta idazlearen birbiloba.

1727an Frantziako armadan sartu zen. Buruzagi militarren agindu eta errietak eraman ezinda kapitain bati eraso egin eta peso hartu zuten Frantzian. Kartzelatik ihes egin eta zenbait gorabeheren ondoren Alemaniatik eta Suedian ibili zen. Errusiako armadan injineruen teniente egin zuten. 1733an Poloniako Erregetzarako gerran esku hartu zuen Estanislao Lesczinskiren alde. Frantziara itzuli eta Luis IV.a Nafarroakoak, Frantziako Luis XV.a, agindu zion euskaldunez osaturiko gudaroste bat osatzea. Horrela jaio zen "Royal Cantabre" erregimendua (1745), Jeanne-Philippe koronela buru 1799 arte iraun zuena.).

1748an "Exercices et évolutions à l´usage du Régiment Royal-Cantabre" lana eman zuen argitara eta handik urtebetera, auzi luze baten ondorioz, utzi egin zuen armada. Gizon jakintsua, Agustin Xahok (Ariel, 1846) eta Duceré-k (1896) argitara eman zioten "Memoires Militaires" lana. 1748an hasitako "Histoire des Basques depuis leurs origines jusqu´a" idazten hogeita hamar urte luzatu zen; Euskal Herriko herrialdeko historia jasotzen zuen, ordura arte idatzi zen euskarazko hiztegirik handienarekin batera; bertan jasotzen zituen euskarazko hitzez gain hebraiera, grekoa, zeltikoa, bretoiera, arabiera, latina, gotikoa, gaztelania eta italierazko adierak. Lan hori ez zen inoiz argitaratu eta Dom Sanadon apezpikuak Paben argitaratutako bertsioa besterik ez da ezagutzen: "Essai sur la noblesse des Basques". Horiez guztiez gain, euskarara itzuli zituen laborantza eta ekonomiari buruzko lanak, askotan argitaratu gabe gelditu zirenak.

Maulera itzuli bizitzera eta oihal lantegi bat sortu zuen; handikien artean Jeanne-Philippe onartu eta Zuberoako Gorteetan aukeratu zuten aitonen seme eta abokatu. Zuberoan lur sail handiak erosi zituen 1774an. Aberats, jaun eta lurjabe handi zelarik, klase apalen aurkako neurriak hartu zituen, baina Iraultza frantsesa nagusitu ondoren, lur horiek guztiak galdu zituen.

Iturria: Lur Entziklopedia/ Harluxet