Elhuyar Lubize anaiak

Elhuyar Lubize, Joan Jose: Logroñon jaio zen 1754an eta Santa Fé de Bogotá-n hil 1796an. Jatorri lapurtarreko familia batean sortua. Errioxa eta Parisen ikasi eta Karlos III.a Espainiako erregeak ordainduriko beka bati esker Saxonia, Bohemia, Hungaria eta Suedian metalurgi alorreko ikasketak sakondu zituen. Suedian Bergman eta Scheele zientzialari ospetsuak izan zituen irakasle eta horien bitartez wolframioaren existentziaren susmoa izan zuen. Bergarako Erret Mintegiko laboratorioan, eta Fausto Fermin anaiaren laguntzari esker, wolframioa isolatzea lortu eta "Análisis químico del wolfram y examen de un nuevo metal que entra en su composición" idazkian ezagutzera eman zuten (1783). Erregeak bidalita Kolonbiara joan zen bertako meatzaritzako arduradun nagusi izendatuta. Bertan ezkondu eta hil zen.

Elhuyar Lubize, Fausto Fermin: Logroñon jaio zen 1755ean eta Madrilen hil 1833an. Jatorri lapurtarreko familia batean sortua, Joan Joseren anaia. Parisen kimika eta mineralogia ikasi eta Euskal Herriko Adiskideen Elkartearen dirulaguntzari esker, Alemania, Austria eta Hungariara jo zuen ikasketak sakontzera. Euskal Herriko Adiskideen Elkarteak deiturik, Bergarako Erret Mintegira itzuli zen mineralogia eta metalurgia irakastera (1781). Erakundearen aldirik distiratsuenean aritu zen bertan, baina bere ikerketek ikasleengan erantzun onik ez zutela eta, aspertu eta dimisioa aurkeztu zuen (1785). Europara jo zuen berriro ere ikasketak aberastu asmoz eta handik Ameriketara anaiaren urratsen atzetik. Mexikon mineralogiako irakaslea eta meatzaritzako zuzendari orokorra zelarik, meategiak ustiatzeko Born metodoa ezarri zuen eta meatzaritzako erret mintegia sortu zuen. Mexikoko independentzi mugimendua indartu zenean, Madrilera joan zen, betiere erantzukizun handiko karguen ardura izan zuelarik: Madrilgo meatze-eskolaren sortzailea eta Espainiako geologoen lehen belaunaldiaren irakaslea eta gidaria, besteak beste.

Loturak: Humboldt

Iturria: Harluxet