Urkijo Ibarra, Julio
Julio Urkijo Bilbon jaio zen 1871ean eta Donostian hil 1950ean. Familia aberatsekoa. Bere patrimonioa euskal literatura zaharra berreskuratzen eta argitaratzen erabili zuen. Berak abiarazi zuen, RIEV aldizkariaren bidez, euskal filologia modernoa, zientzi mailara igoz. Zuzenbidean lizentziatua zen eta euskaltzale sutsua. Euskara ikertzeari eta euskaraz argitaratutako guztia biltzeari ekin zion; munduko euskarazko liburutegirik garrantzitsuena osatu zuen. Revista Internacional de Estudios Vascos (RIEV) aldizkaria sortu zuen 1907an eta bertako jakintsuez gain (A. Kanpion, K. Etxegarai), zientzialari ingeles, frantses, errusiar, alemaniar, suitzar etab.en kolaborazioa izan zuen.
Ikerketa-lanak liburu askotan argitaratu
zituen, gaztelaniaz betiere: "Obras Vascongadas del doctor labortano Johannes
d'Etcheberry"; "El cura Santa Cruz"; "De Lingüística y Etnografía
vasca"; "Una
fuente del Gero"; "La literatura poética vasca"; "Los estudios vascos en el pasado,
el presente y el porvenir". Madrilgo Historiako Erret Akademiako kidea (1909) eta
Euskaltzaindiko kide sortzailea izan zen (1918); 1927an, Azkuerekin batera, Real
Academia de la Lengua Española-ko kide izendatu zuten. Gainera, Bonn-eko
Unibertsitateko honoris causa doktorea eta Euskal
Herriko Adiskideen Elkarteko lehendakaria izan zen.
Politikan, gorteetako diputatua izan zen (1903-31). Espainiako
Gerra Zibilaren garaian
(1936-37) ezkutuan egon zen.