Kaskante
Ptolomeo,
Plinio, Antonino eta Tito Livio berriemaileek
aipatzen dute “Cascantum” izen euskal-erromatarra. Txanpon-etxea izan zuen
eta garai hartako txanponak ere iritsi dira gaurdaino. “Cesaraugusta” herrialde
juridikotik zetorren erromatar galtzada-bideak baskoniako
beste herriekin lotzen zituen.
Tito Liviok aipatzen du Kaskante pasarte batean; Sertoriok egindako gudaldietan, K.a. 76an,
kaskantearrek aurre egiten zien eta hark, mendekuz, uztak eta soroak erre zizkien, aurretik Bursao (Borja) eta Graccurris-en (Kalagorri) egin zuen
moduan.
Erromatarren
gainbeheraldian, bisigodoen garaian alegia, Kaskantearrek Hilario aita
sainduaren aurrean Kalagorriko obispoaren alde egin zuten; hark obispo berria
izendatu zuenean arauak bete gabe eta Tarragonako ordezkari ofizialaren gainetik
izendatu zuelako.
1273an
Pedro Santxez Monteagut-en esku zegoen Kaskante; baina,
baldintza baten pean: semerik gabe hilez gero Enrike
I. Potoloa erregearen esku jartzea, alegia.
1281ean,
ordea, Pedroren seme-alabek Joan eta Milia Santxiz-ek
3.000 “tornes”-en truk eskualdatzea berretsi zioten Joana
I. Nafarroako eta Frantziako erreginari; horiez gain, Agilar herria ere eman
zioten.
1378an, Karlos II.ak Roger Bernart Foix-koari, Castelbon-go bizkondea eta Novaylles-ko (Noalles) jaunari Kaskante eta Unx-eko eskubideak eman zizkion, bere gaztelu, eskubide, ordain-sari, petxa, errolda, errenta eta guzti; Roger Bernartek gerran galdu zituen Larragako gaztelu eta herriaren ordainean. Baldintza bat zuen emariak: bizkondearen oinordeko legitimorik izan ezean, aipatutako ondasunak Nafarroako erregeak berreskuratuko zituen. 1394an, ordea, Karlos III.ak Kaskantek zituen petxa, errenta eta aprobetxamenduak Gaztelako erregearen maiordomo Joan Hurtado Mendozakoari eman zizkion; egindako lanen ordainean. Joan Hurtado Nafarroako erregearen "lige" egin zen eta ongi leial izan eta arerio ororen kontra (Gaztelako erregearen kontra izan ezik) laguntza ematea zin egin zion.
1436an,
kaskantearrek Blanka I. Nafarroakoa
eta bere senar Joan II.
Trastamarakoari idatzi zien zergen beherapena eskatzeko. Arrazoia zera zen:
etengabeko gerren ondorioz 300 biztanletik 40ra jaitsi zirela garai
horretan. Erregeek ikusketa egitea agindu zuten eta egoera tamalgarria zela
egiaztatu ondoren 290eko petxa zerga neurria 190era jaitsi zuten.
Fernando
II.aren tropek Nafarroa inbaditu zutenean (1512), 3.000 guda-gizon eta 400
zaldiko gudarostea sartu zen Kaskanten, Zaragozako artzapezpikuaren agindutara.
Berehala hartu zuten Kaskante, ondoren Cintruenigo eta Korella. 1512ko
abuztuaren 14an, usurpatzailearen tropak Tuterako ateetan ziren.
1630eko
otsailaren 26an, Kaskantek pribilejio bat irabazi zuen: Nekazari eta Jaunen
Batasuna. Eta horrekin amaitu ziren Jaun eta nekazarien artean zituzten
liskarrak. 1633ko uztailaren 18an, berriz, hiri titulua lortu zuen, 10.000 dukat
errege aziendari ordaindu ondoren.
Herria
defentsarik gabe geratu zen eta austriar zaldi-erregimentua eragozpenik gabe
sartu zen, herritarrak errenditu ondoren. Geroago, Fermin Veraiz
infanteriako koronela Korellan sartu zen, eta kaskantearrak bere alde jarri ziren. Beste aldeko
Ferrer koronelak kaskantearrei idatzi zien errendizioa eskatuz, baina Veraizek
lagunduko ziela esan zien eta kaskantearrek erantzun ere ez zieten egin Ferreri.
Kaskantek 30 boluntario, kabo bat eta Korella, Valtierra, Arguedas, Cintruenigo
eta Fiteroko hiritarrez osatutako beste lau konpainia besterik ez zituen.
Ferrer, 1.600 guda-gizonekin Kaskantera abiatu zen, 1710eko azaroaren 1ean.
Goizeko zortzietatik arratsaldeko laurak arte iraun zuen borroka bortitzak,
Ferreren tropak 250 hildako baino gehiago izan zituen. Kaskantearrek muniziorik
gabe setiaturik, Erromero ermitara igo eta bertatik harrika hartu zuten
arerioaren tropa. Goiari eutsita errenditu ziren.
Ferreren
tropak bere hitzari uko egin eta soldaduak etxeetan sartu ziren. Hurrengo egunaren
arratsaldeko 4ak arte gelditu ziren bertan eta ahal izan zutena arpilatu zuten. 150 lagun
preso hartu, beste hiru erail eta Tarazonara abiatu ziren; Melun kondearen dragoi
troparen begi-bistan.
Napoleonen
garaiko gerran gertaera ugari jasan zuen herriak. Lapañak irabazi zion
Lagrange-ren tropa napoleondarrei, baina geroago, Lagrangerentzat laguntza
etorri zenean, erretiratu egin behar izan zuen.
Iturria: Auñamendi