|
Historia:
Gaur
egungo Idiazabalen aurrekinak (XII. mende artekoak)
Ezagutzen ditugun giza jardunaren agerpenik antzinakoenak mendi aldeko
trikuharri eta tumuluak dira: Dorronsoroko Jentilzuloa edo Urrezuloko
Armurea, Atxurbi, Praalata, Aitxu, Napalatza, Unanabi, Etxegarate,
Bidaarte, Zorroztarri.... Brontze
Aroan, Kristo aurreko 3200 eta 1300 urteen artea, hildakoak
lurperatzeko erabili bide zituzten. Hilobi horietan, garai hartako lanabes
eta apaingarriak aurkitu dituzte.
Ez daukagu ondorengo mendeetako berri askorik gure haraneko jendeez.
Euskal Herrian ibili ziren zelta,
erromatar, bisigodo
eta abarren begietara, hemengoak ez ziren nabarmendu, eta ez da garai
haietako ia ezeren arrastorik atzeman (II. mendeko erromatar txanpon
batzuk bakarrik, 1898an aurkituak). Elizako pontea, Manuel Lekuonaren
iritzian, bisigodoen garaikoa izan liteke, baina bada geroagokoa dela
dioenik ere.
Idiazabalen eraketa Erdi Aroan
eta ondoko mendeetako garapena (XII-XIX. mendeak)
Bestelakoan,
feudalismo garaiko berriak ez dira askoz oparoagoak. XII. mendearen
hondarreko dokumentu batean, herriaren gaur egungo izena lehenbizikoz
idatzita ageri da: "Ego don Martin de Soviza et mea mulier... ...nuestra
ereditate de Lazcano et de Iviazaval..." (1199. urtea). Garai
honetan Idiazabal Nafar Erresumako partea zen, Antso
VII.a Azkarraren gidaritzapean. Gaztelako Alfontso
VIII.ak Gasteiz setiatu eta egungo Araba eta Gipuzkoa direnak inbaditu
zituenean pasa zen herria gaztelarren menpe izatera. Euskal
Herriko Kantauri aldean, gaur egungo baserrien aurretik baziren
asentamentuak, hasieran egurrez bakarrik eta, gero, harriz eta egurrez
egindako txabola xume samar batzuetan biziko ziren orduko idiazabaldarrak.
Mikel goiaingeruaren eliza XII-XIII. mendeen inguruan eraikitzen hasi
zelarik, pentsatzekoa da ordurako izango zela herri edo auzo eraketaren
bat inguruan eta, ohi zenez, inguruko jaun edo handikien aginteak, nola
edo hala, harrapatuko zuen. Lazkaoko jauna, konparazio baterako,
Idiazabalgo elizaren patroi edo jauna zen eta berak zuzentzen zuen
parrokiaren jarduna (bikarioa izendatuz...). Noble handikiak eta Eliza,
horra garaiko bi erakunde ahaltsuenak.
Ermitak ere, gehienak, inguruko baserrietako jaunenak ziren: Santa Isabel,
Eztenagakoa; San Andres, Arizkorretakoa; San Esteban, Akutaingoa; Santa
Polonia, Arimasagastikoa; San Ignazio (beharbada berriagoa), Oriakoa...
Gurutzetakoa eta Kalbariokoa, ordea, herriarenak.
Gizarte hura antolatu eta eratuz joan zen neurrian, garaiko administrazio
egituretan sartuz ere joan zen. Gastelarren pean jada, 1384. urtean,
aurreko mendean hiribildu bihurtutako Seguraren babesera bildu zen, beti
ere bere nortasuna gordez ("unibertsitate" modura azaldu zen
aurrerantzean dokumentuetan).
Bien bitartean, XVI. mendean, lehenagoko mendeetan egurrez egindako
txabolen lekuan, gaur egun dauzkagun baserri zaharrenak eraikitzen hasi
bide ziren; egurraz gain, harria eta karea ere erabili zituzten (Urbizu
Gerikok gorde du (beste guztiek baino hobeto- gaur egun arte, orduko
egitura). Ondoko mendeetan, artoa bezalako gai berriak sartu eta,
poliki-poliki, bizilagunen kopuruak gorantz egin zuen neurrian, baserri
berriak ere egin ziren XIX. mendea arte.
Baserritarrek, bere lurrez gain, Idiazabalgo herri lurrak eta Urtsuaran,
Urbia eta Altzaniako partzonerietakoak ere erabiliko zituzten jadanik
(antzinako erabilera arautzeko, XV. mendearen hasieran, legez eratu
ziren). Baserritarren bizimoduak ez bide zuen erosotasun izugarririk, hala
ere. Mendi aldeko lur haiek ezinbestekoak izango ziren hainbat gauzatarako
herritar gehienentzat: ganaduarentzako larrea eta egurra zeuzkaten
haietatik.
Garaian paretsu, bestalde, baserriaren ekonomiari oso lotuak zeuden
industriak ere bizkortu ziren. Errotak, batetik, alea ehotzeko;
Urtsuarango Olakoa eta handik beherako gainetikoak: Loidi, Lopategi,
Errotagain, Arimasagasti, Oria, Eztenaga, Ihurre. Eta burdingaiak egiteko
olak ere: Urtsuarango biak eta Loidi edo Zuloagakoak (hasieran
herriarenak); Ihurrekoa, Lazkaoko jaunarena... gure herriko baserri
ekonomiaren osagarri ezin utzizkoak izan ziren.
Baserri batzuetako jaunak aberastu ere egin ziren eta baita bere etxeak
dotoretu ere: Maugia, Arimasagasti, Oiarbide eta Eztenaga (hau
lehenagokoa, beharbada) jauretxe itxura emanez berreraiki egin ziren
XVII-XVIII. mendeetan. Agerian dute oraindik orduko handinahia.
1615. urtean, Espainiako Felipe
IV. erregeri behar zen diru kopurua ordainduz, Seguratik apartatu eta
"villa" titulua lortu zuen Idiazabalek. Bere burua gobernatzeko,
herriko etxea kontzeju etxe bihurtu zuen; beraren altzoan sortu zen
ostatua ere.
Aurrerantzean, gainera, Gipuzkoako gobernu gorabeheretan tarteko izateko,
Batzar Nagusietan esku hartzeko eskubidea izan zuen, beste herri guztiek
bezala. Bizilagun gutxi samarrekoa izanik, ordea, inguruko herriekin bat
egin ohi zuen Idiazabalek bere ordezkariak bidaltzeko: batean Ataun, gero
Segura, hurrengoan Zegama eta Mutiloa... izan zituen elkarkide.
Eliza ere, mende oparo haietan egin edo osatu zen. XVI-XVII.. mendeetan
eraikina bera (gotikoa) eta XVIII.eko hasieran korua, erretaulak eta
irudiak.
Informazioa
bidali digu: Aitorrek, OJAOLAAITZEKO NAPARRAK taldekoa. |
|