Antso III.a Gartzes Nagusia

Antso III.a Gartzes Nagusia 992an jaio zen eta Oviedo-n hil 1035ko urriaren 18an. Ximeno dinastiaren Iruñeko VIII. erregea (1004 - 1035) eta Euskal Lurraldea batu zuen lehena, arabiar kronistek "Euskaldunen Jauna" deitua. Azken ikerketek erregetzaren hasiera 1004an jartzen dute, bitarte horretan, erregearteko hutsunea tutore talde batek bete zuen. Antso III.a, Gartzia II.a Santxezen eta Ximena Fernandezen semea zen.

Goiz Erdi Aroko erregerik interesgarrienetako bat da. Erregealdiaren hasieran tutore talde baten babesean gobernatu zuen: erregina izandako amona Urraka Fernandez, ama-erregina Ximena, bi obispo: Belosio eta Garcia (Ximeno), gorteko botiliarioa, erreginaren maiordomoa, Gartzia Velázquez eta Oriolo Johaniz. 1010ean ezkondu zen Muniarekin, Gaztelako Antso Gartzia kondearen alabarekin, eta Gaztelarekin harremanak sendotu zituen horrela; baina lehenago Aibarko Santxarekin seme bat izan zuen: Ramiro, Antsoren kutuna eta Aragoi gobernatu zuena. Antso III.a Gartzes Nagusia da "rex Dei gratia" tituluaren sortzailea eta bere erregealdia bi gertakari nagusiek nabarmentzen dute: bat, erresumaren barne-antolaketa, hiribildu askoren sorrera eta Jakue Bidearen ofizialtzea (monasterioetan Europako cluny-tarren erreforma ezarri zuen: Nafarroako Leiren, Aragoiko Haitzpeko San Joanen eta Errioxako Albeldan); eta bi, erresuma zabaltzen saiatzea (Burebako Oka mendietan muga jarri, Sobrabe berreskuratu, Ribagorzaz jabetu, Pallars-eraino iritsi eta euskal mintzaira zuten Nafarroako lur guztietara bere agintea zabaldu zuen).

1006an Abd al-Malik-ek Iruñeko erregearen kontra eraso zuen, Ribagorzan. Duinako bataila galdu egin zuen, baina baskoiek Gállego ibaiaren inguruko lurrak irabazi eta Nafarroako lurrak Ebro aldera zabaldu zituzten; gainera, Bardeak irabazi zituzten. 1008an Abd al-Malik hil zen eta anaiak, Abd al-Raman "Sanchuelok" bere jabetzakoak jarauntsi zituen. Sanchuelo izengoitia aitona Antso Abarkaren biloba zelako jarri zioten (Abd al-Ramanek eta Hisham II.ak aita musulmana eta ama baskoia baitzuten). Donemiliaga Kukulan jasotako 1016ko Adiskidetasun Ituna izeneko dokumentu batean dago Gaztela eta Nafarroako mugak zehazten dituen herri eta bailara zerrenda. Nafarroa 1017an hasi zen Gaztela eta Leon aldera zabaltzen, senide-loturen bidez zabaldu ere: bere koinatu Gartzia II.a Santxez Gaztelako kondearen babesle eta erregeorde bihurtu zen, koinatuak zazpi urterekin konderria jarauntsi baitzuen.

Bartzelonan, Berenger Ramon I.a konde gaztearekin eta Ripolleko aita-abade eta Vicheko apezpiku izandako Olibako fraidearekin adiskidantza handia izan zuen, eta Gaskonian Antso Gilen osaba bere esanetara izan zuen. 1023. urtean Antso III.a Nagusiak Lapurdiko bizkonderria sortu zuen bere lehengusu Lupo Antsorentzat eta berau Baionan finkatu zen. Zuberoa, Gillermo I.a Indartsua kondeordearen esku utzi zuen eta Baigorriko bizkonderria sortu zuen (1033); ekintza horiek, sistema feudalaren barnean kokatu behar dira, baina, euskal batasunerako ondorio erabakigarriak ekarriko dituzte.

Penintsulako Leonen erreboltaldia hasi zenean, Antso III.a Nagusiak erresuma armaz eskuratzen saiatu zen lehenengo; baina bestela obratuz gero; batetik, Leongo Alfontso V.a eta arreba Urrakaren ezkontza bideratu zuen; eta bestetik, Gaztelako Gartzia II.a Santxez, Infantea zen artean, Leongo Bermudo III.aren arreba Santxarekin ezkonarazi nahi izan zuen. Bere erresuman ere bateratze politika jarraitu zuen: 1032ko urriaren 4an Antso Gilermo hil zenean, Antso III.a Nagusiak Pirineo eta Garona arteko lurrak gobernatzen zituen Lupo Antso bizkondearen bidez. Baztango (Ximeno I.a Otsoaniz, 1025), Lapurdiko (Lupo Antso), Arberoako (Foet I.a Fortun) eta Zuberoako (Gilermo I.a Indartsua) konderriak ere gobernatzen zituen. Bere garaian azaltzen dira ere: Iñigo Lopez Ezkerra Bizkaiko I. jauna (1033), Gartzia Aznar Gipuzkoako jaun eta bere emaztea Gaila, alaba Blaskita eta suhia Antso Fortuniones, eta Bela Ximenez Arabako kondea.

Antso III. Nagusiak oinordetza bere seme Gartzia III.a Santxez Naiarakoari utzi zion erreinu osoa, eta bere beste hiru semeei lurralde banaren jaurgoa. Hau da, oraingo Nafarroa-Errioxa-Euskadi biltzen zituen lurren agintea Gartziari zuzenean utzi zion. Gartziaren meneko izatekotan Gontzalori, Sobrabe-Ribagorzaren gobernua utzi zion eta Ramirori, Aragoikoa. Ordea, Antso III.a Nagusiak ez zuen inoiz "Gaztelako Konde" titulurik hartu nahi izan, beraz, Fernandok bere amarengandik jaso zuen Gaztela, bere osaba Gartzia II.a Santxez hil zenean (1029) eta haren emaztegaia Santxakin ezkondu zen (1032). Baina hala eta guztiz ere, testamentua ez zen orobat errespetatu. Gontzalo hil zenean Ramirok eskuratu zuen Sobrabe-Ribagorza eta Fernandok Leongo errege titulua eskuratzean Gaztela-Leongo errege titulua jarri zion bere buruari. Ondoren, Ramiro eta Fernando anai nagusiari oldartu eta anaiarteko guda tamalgarriak hasi ziren.

Loturak:  >Munio Gonzalez; >Gilermo V. Akitaniakoa;

Iturria: Elhuyar/ Auñamendi Entziklopedia / Las torres de Sancho III el Mayor, Toti Martinez de Lezea/ Sancho III, C. Orcástegui eta E. Sarasa/ Tomás Urzainqui Mina.