Arana Goiri, Sabino

Sabino Arana Goiri Abanton jaio zen 1865eko urtarrilaren 26an eta Sukarrietan hil 1903an. Aita eta aitona ontzigile karlistak ziren. Luisen anaia. Bigarren Gerra Karlista garaian, liberalen tropak Bilbon sartzear zirela, Lapurdira erbesteratu zen familiarekin (1873); 1876an itzuli zen; batxilergoa Urduñako jesuitetan egin zuen. 1882an, Sabino euskara ikasten hasi berria zenean anaiarekin izandako eztabaidak abertzaletasunera eraman zuen. Bartzelonara joan eta ikasten hasi zen, hain zuzen, filosofia eta letrak, zuzenbidea eta natur zientziak; baina, ama hil (1887) eta Bilbora itzuli zen. Bizkaiko Aldundiak Bilboko Instituturako euskara-katedra atera zuenean Sabino, Miguel Unamuno eta Resureccion Maria Azkuerekin batera aurkeztu zen; Azkuek lortu zuen postua (1887).

Bere obra "Bizkaya por su Independencia" (1892) lanarekin abiarazi zuen hizkuntza, politika, historia eta literaturaz osatutako obra joria. Sabino Arana EAJ alderdia, "Bizkaitarra" hilabetekaria, "Baserritarra" aldizkaria, "El Correo Vasco" lehen egunkari abertzalea eta "La Patria" astekariaren sortzailea izateaz gain, "Euskeldun Batzokija" sortu eta ikurrina asmatu zuen. Aranaren ideien aurkako etsaiek Sabino bi alditan espetxeratu zuten, bere aldizkariak galarazi eta bere Batzokia itxiarazi zuten. 1897an El partido carlista y los fueros baskonabarros liburuan zazpi probintzien arteko konfederazioaz mintzatzen zen. 1898ko hauteskundeetan, Bizkaiko Ahaldun hautatua izatea lortu zuen. 

Sabino Aranaren dotrinan bost dira nazionalitatea osatzen duten elementuak: arraza; hizkuntza; gobernua eta legeak; izaera eta ohiturak; eta nortasun historikoa. Aranaren ideologia politikoa "Jaun-Goikoa eta Lagi-Zarra" lemak laburbiltzen du: batetik, erlijioaren garrantzia aldarrikatuz eta bestetik, Euskadiren askatasunaren, endaren garbitasunaren eta euskara sendotzearen alde azalduz. Euskararen alorrean eragin handiko lanak egin zituen; ortografi sistema berria proposatu, asmatutako izendegi baten zerrenda kaleratu eta hitz berrien asmatzailea eta lexiko garbizaletasuna berriaren aitzindari eta defendatzaile sutsu izan zen.

Estatu-eredu gisa euskal Konfederakundea proposatu zuen: probintziak askatasunez elkartuko ziren horren barruan, baina bakoitzak bere independentziaren funtsezkoena mantenduko zuen. Barne-federalismoa Baskoniaren ikusmolde historikoan oinarrituta zegoen; hau da, politikoki ezberdinak diren zazpi probintziek osaturiko Baskonian aldarrikatzen zuen. Halaber, euskal historian tradizionala zen udal-autonomia indartu nahi zuen. Euskararen alorrean, ordea, ikuspegi horrek euskararen batasuna baztertu eta euskalkiak autonomoki ibiltzea bultzatzen zuen.

1899an, lehen egunkari abertzalea atera zuen, El Correo Vasco, eta 1901ean Patria astekaria. Bestalde, euskararen alorrean eragin handiko lanak egin zituen, ortografia sistema, izendegia, hiztegi berria proposatuz: Lecciones de Ortografía del euzkera bizkaino (1896); Egutegi bizkaitarra (1896, 1897, 1898) eta Deun ixendegi euzkotarra (1910).

Loturak: >Irujo, Daniel; >Zeferino Jemein; >Tomas Meabe>Santiago Meabe; >Mendigoizaleak; >Zabala Ozamiz, Anjel;  

Iturria: Elhuyar/ Lur Entziklopedia/ Gaiak