Auger III.a
Auger III.a (Oger) Zuberoako azken bizkondea izan zen (1257 - 1307). Raimundo Gilermo V.aren semea.
Bere aita ingelesen kontrako borrokan hil ondoren (1257), haiekin bakea sinatu behar izan zuen. Halere, ingelesak Zuberoatik bidaltzeko Biarnoko bizkondearekin elkartu zen, baina Biarnoko bizkondeak porrot egin zuen eta Auger III.ak bizkonderria galdu egin zuen. Eduardo I.ak eskainitako jaurerriak bereganatu zituen (1261).
Frantzia eta Ingalaterrako erregeen arteko borrokan Frantziakoaren alde jarri zen, ingelesak Zuberoatik bidali eta bere jatorrizko lurrak berreskuratu ahal izan zituen (1294). Frantziako erregearen basailo eta Dax-eko gazteluaren preboste tituluarekin Augerrek Zuberoa inbaditu zuen, baina, Nafarroako eta Frantziako errege Felipe I.a Ederrak bake hitzarmena sinatzera bultzatu zuen (1307) eta haren arabera, lurrak Nafarroaren esku utzi zituen. Nafarroako Luis I.a Setatia erregeak lurrak eman zizkion Nafarroan: Radako jaurgoa, Melida, Berbinzana, Abaiz, Cahues, Azterain, Sabaitza herriak eta Bidaurreko basoa. Horiez gain 6.000 libra eman zion dirutan.
Ondoren, Nafarroako erregeak Ingelesei eman zizkion Zuberoako lurrak, erregearteko itunak zirela eta. Augerrek Zuberoako lurrei uko egin ondoren Nafarroako erregeari men egin eta Nafarroan bizi izan zen.
Iturria: Eluyar