Blanka I.a Nafarroakoa

Blanka I.a 1386an jaio eta 1441ean hil egin zen. Nafarroako XXVIII. erregina (1425 - 1441); Siziliako erregina (1402 - 1441) eta Nemoursko kondesa (1425 - 1441), Karlos III.a Prestuaren eta Leonor Trastamarakoaren alaba.

1402an Siziliako Martin Gaztea erregearekin ezkondu (1402 - V - 21) eta Siziliako erregina bihurtu zen; baina 1409an erregea hil zen seme-alabarik utzi gabe eta bera izan erregeorde 1414a arte. Nafarroara itzuli (1415) eta Frantziako Karlos V.aren koinatu Bavariako Luisekin ezkontza-hitzarmena izan arren, bigarren aldian ezkondu zen Aragoiko Joan II.a Trastmarakoa printzearekin (1419).

Bere aita Karlos III.a hildakoan Nafarroako erregina egin zuten (Erriberri, 1425) eta bere testamentua Joan Beamont-ekoak idatzi zuen, 1439an; bertan, oinordeko bakartzat bere seme Karlos Bianako Printzea utzi zuen, nahiz eta Joan II.a bizi zen bitartean Karlos ez erregetzeko gomendatu. Haien alaba Leonor I.a Foix-ko Gaston IV.arekin ezkonduko zela hitzartu zuten (Majano, 1430); baina, Joan II.a bere senarra Gaztelako liskarretan nahastu eta zenbait lurralde galdu ondoren gaztelarrekin Bake-Ituna sinatu behar izan zuen (Toledo, 1436): Blanka II.a Gaztelako Enrike IV.arekin ezkondu behar izango zuen.

Blanka I.a, 1442ko apirilaren 1ean hil zen; eta ondoren, nafar leinuen arteko borroka hasi zen: batetik, Joan II.aren aldeko agramondarrak eta bestetik, Bianako printzearen aldeko beaumondarrak elkarren aurka altxatu ziren anaia arteko borroketan. Hurrengo Nafarroako erregina Leonor I.a izango zen eta ondorengoa Blanka II.a.

Iturria: Elhuyar/ Enciclopedia de Espaņa