Duvergier Hauranne-ko, Jean Anbroise

(Saint Cyran-go abadea)

 Jean Ambroise Duvergier Hauranne-koa Baionan jaio zen 1581ean eta Parisen hil 1643an. Baiona, Agen, Paris, Lovaina eta Sorbonan eliz ikasketak egin eta Itsasuko erretore izan zen (1607). Bertrand Etxauz apezpiku baigorriarraren laguntzarekin Baionako katedraleko kalonje izendatu zuten (1607 - 1620). Baionako katedrala utzi eta Brenne-ko Saint Cyran-go abade izendatu zuten, betiere Etxauz-en babesean (1620).

Ikasteari inoiz utzi gabe, 1609an Lovainara jo zuen berriro, Cornelius Otto Jansen holandar teologo gaztea ezagutu zuen bertan eta urteetan elkarrekin bizi eta ikasi zuten, Baionan eta Parisen. Filosofian graduatu eta doktrina jansenista berriaren planteamenduen hastapenak lantzen hasi zen.

1617an Poitiers-ko apezpikuaren idazkari lanetan hasi zen eta bertan ezagutu zuen Richelieu kardinala. 1618an egin zen apaiz eta 1620an Saint Cyran-go (Frantzia erdialdean, Brenne, Indre inguruan) abade egin zuten. Tituluak ematen zizkion errentez baliatuta, ongi bizi ahal izan zuen eta aurrerantzean eliza katolikoaren erreformarako lanetan murgildu zen. 1621ean Parisera joan zen berriro eta harreman estuak izan zituen Pierre de Bérulle kardinala eta Arnault d´Andilly familiarekin. Ondoko urteetan Jansenismoa landu zuen Parisen; 1637an komunitate bat antolatu zuen Port-Royal des Champs-en, Versaillesetik hurbil. Baina, Richelieu kardinala Frantziako boterean zegoen eta erlijio ikuspegi berria bere interesen aurkakoa izanik, atxilotu egin zuen (1638).

Jean Ambroise-k Richelieuren haserrea piztu zuen: jesuitei egin zizkien kritika zorrotzak, parlamentarien artean zuen izen ona, apezpikuen aurrean erakutsitako tinkotasuna eta Bérulle kardinala hil ondoren (1629) Alderdi Elizkoiaren buru aukeratua izana nahiko aitzakia izan ziren horretarako. Vincenns-eko kartzelara eraman zuten. Kartzelan lanean jarraitu zuen, baina osasun arazo handiak izan zituen. Richelieu kardinala hiltzean aske utzi zuten (1643), baina handik gutxira hil zen Parisen. Urte horretan Jansenekin batera landutako teoriak kaleratu eta arrakasta handia izan zuten Frantzia osoan, baina, laster hasiko ziren apaltzen.

Loturak: >Silvain Pouvreau;

Iturria: Elhuyar/ Lur