Elkano, Joan Sebastian

Joan Sebastian Elkano Getarian jaio zen 1476an eta itsasontzi batean hil 1526an. "primus circumdedisti me" esaldia du bere armarrian, munduari bira osoa eman zion lehen ontzi-buru denaren seinale. Horrekin, Magallanesek hasi zuen espedizioak mundua biribila zela frogatu zuen.

Gaztetan arrantzale izan zen eta kontrabando merkataritzako bidaiak ere egin zituen; Aljerren aurkako espedizioan eta Italiako kanpainetan ere ibili zen. Hogeita hiru urterekin Magallanesek Moluka uharteetara prestatutako espedizioan parte hartu zuen; portugesek erabiltzen ez zuten bide berri bat irekitzea helburu. Cadizetik atera zen bost ontziko espedizioa 1519an, Elkano "Concepción" ontziko maisu zela. Atlantiko Ozeanotik Ozeano Barera heldu ziren, gaur Magallanes itsasartea deitzen duguna zeharkatuz. Filipinetara bi ontzi besterik ez ziren iritsi eta eskifaiako asko gaixorik hil zen (1521). Macta uharteko erasoan Magallanes hil zuten eta Elkanok "Victoria" ontziko eta espedizio osoko agintea hartu zuen. Moluka irletara iritsi eta ontzi bat bertan desegin zen. Hala ere, geratzen zen ontzi bakarra espeziez zamatu eta itzulera antolatu zuten.

Hiru urte behar izan zuten San Lucar de Barramedara, Cadiz, itzultzeko (1522). Iristean, 265 marineletik 18 besterik ez ziren. Karlos V.a erregeak Elkano Valladoliden  hartu zuen eta bere armarrian munduaren irudi bat ezartzeko baimena eman zion, honako esaldi hau ipiniz: "primus circumdedisti me". Handik hiru urtera beste bidai batean sartu eta eskorbutoak jota itsasoan hil zen (1526). Gorpua kareletik behera itsasora bota zuten.

Iturria: Elhuyar