Garat Hiriarte, Joseph Dominique

Joseph Dominique Garat 1749an jaio zen Baionan, eta 1833an hil zen Basusarrin. Politikari lapurtar honek zuzenbide-ikasketak egin zituen Bordelen, bertara ezkondu eta abokatu ospetsua izan zen. Bordeleko parlamentari hautatu zutenean Parisera joan eta jarduera juridikoez gain, lan literario eta filosofikoetan hasi zen. Parisen bizi bazen ere, Lapurdiko interesen defendatzaile sutsu izan zen eta euskal Foruak defendatu zituen. 

1789an Frantziako erregeak Estatu Orokorrak deitu zituenean Lapurdiko hirugarren estatuko ordezkari hautatu zuten, bere anaia Dominique Garat-ekin batera. Frantziako Estatu Orokorrak 1614az geroztik ez ziren deitu. Estatu Orokor haiek Batzar konstituziogile bihurtu zirenean, Iraultza frantsesa piztuta, Lapurdiko erakundeen alde borrokatu zuen.

Luis XVI.a hiltzera kondenatu zutenean, Joseph Dominique aurka azaldu zen. Danton-en lekua hartu zuen justizi ministerioan (1792), eta bera izan zen erregeari heriotza-zigorraren berri eman ziona. Epaia murrizten saiatu zen, baina ez zuen lortu eta ministerioa utzi egin zuen. Hurrengo urtean barne-arazoetarako ministro izan zen. Erregea hil zutenean (1793) Joseph Dominique-ek dimititu egin zuen; jakobinoek salatu eta atxilotu egin zuten. Robespierrekin zuen adiskidetasunari esker aske utzi zuten. 1794 - 1795 urteetan Frantziako Herri Irakaskuntzarako batzorde nagusiko kide egin zuten eta 1798an Napolira bidali zuten enbaxadore. Urte berean Zaharren Kontseiluko lehendakari aukeratu zuten eta konstituzio berriaren idazketan esku hartu zuen.

Napoleonek agintea hartu zuenean, senatari egin zuten, eta Holandan misio bat burutu behar izan zuen. Geroago Napoleonengandik aldendu eta Uztaritzeko bere etxera erretiratu zen. Josep Garat-ek Euskal Herriko federazioa sortzea proposatu zion behin eta berriro. "Fenizia Berria" izeneko euskal federazioak sei probintzia historikoak osatuko lukete, baina, beti ere Napoleonen Inperioaren barruan; garai hartan, Napoleonen babespean zeuden Rhin edo Helvetiako Konfederazioak bezalaxe. Asmo horren erakusgarri idatzi zuen "Recherches sur le Peuple Primitif de l´Espagne, sur les révolutions de cette Peninsule, sur les Basques Espagnols et Francais (1811).

Napoleonen kontrako botoa eman zuen arren, Luis XVIII.ak senatutik kanpo utzi zuen (1814). Politika-mundutik erretiratu eta Basusarrira joan zen.

Iturria: Elhuyar/ Lur