Harizpe, Jean Isidore

Jean Isidore Harizpe Nafarroa Behereko Baigorrin jaio 1768ko abenduaren 7an eta  Lakarreko bere gazteluan hil zen 1885ean. Napoleonen eta ondorengoen militar-zerbitzuan bizi guztia eman zuen.

Iraultza Frantsesa piztu zenean, armadan sartu eta Rosellóko batailan eta Italia eta Alemaniako kanpainetan parte hartu zuen. Pirineoetako mugak babesteko sortuak ziren “Euskal Ehiztariak” izeneko Donibane Garaziko konpainian sartu zen bere anaiekin batera, Harizpek hogeita lau urte zituen orduan. Baigorriko lurrak babestu zituen Konbentzioko Gerran (1793 – 1795), horretarako deituriko boluntario armada-taldea sortu zuen, Espainiako armadaren aurka aritzeko. 1794an brigada-jeneralaren laguntzaile izendatu zuten, Arrola, Izpegi eta Berdaritzeko batailetan nabarmendu ondoren.

Euskal Ehiztariak konpainiak desegin ondoren Napoleon I.a Bonaparteren konkista asmoen alde agertu zen. Frantziako inperioa aldarrikatu zenean, 1804ko abenduaren 2an, Napoleonen enperadore-koroatzean, bertan izan zen Harizpe. Frantziarrak Espainian sartu zirenean gerran parte hartu zuen. Erroman, Austrian eta Polonian borrokatu ondoren, jeneral egin zuten (1807). 1808an Iberiar Penintsulara jo zuen eta bost urtez borrokatu zen Espainiako gudarosteen aurka: Tutera, Zaragoza, Katalunia eta Sagunton.

1814an Ipar Euskal Herrira jo zuen, Soult mariskalak deituta, baina erretirada jo behar izan zuen Okzitaniako Tolosaraino ingeles osteei ezin eutsirik. Hala ere, kanpaina horien ondoren Dibisioko jeneral, Inperioko konde eta Ohorezko Legioko ofizial izendatu zuten. Inperioa deuseztatu ondoren Napoleonen ondoan jarraitu zuen Ehun Eguneko tartean (1815). Luis XVIII.a Frantziako erregearen aginduz kargu guztiak kendu egin zizkioten, baina 1830ean Pirineotako departamenduko komandante nagusi izendatu zuten. 1831-1834 urteetan bere barrutiko Diputatu egin zuten eta 1835ean Luis Felipe Orléanskoak Frantziako Pare izendatu zuen.

Lehen Gerra Karlista piztu zenean “Guardia Nazionaleko” berrantolaketaz arduratu zen. Frantziako II. errepublika (1848 - 1852) txalotu zuen eta parte hartu Baionako katedraleko ospakizunean. 1850ean erretiratu zen Aholkulari eta diputatu karguak izan ondoren. 1851ko abenduaren 2an estatu-golpea eman ondoren, Karlos Luis Napoleon III.a Bonapartek Mariskal titulua eman zion (1852). 1991n, Harizperen bizitzaz, P.P. Berzoizek pastoral bat idatzi zuen.

Loturak: Jean Blaise Goienetxe

Iturria: Elhuyar/ Lur