Inazio Deuna Loiolakoa

Inazio Deuna Azpeitiko Loiolan jaio zen 1491ean eta Erroman hil 1556an. Jesusen Lagundia fundatu zuen.

Bere aita oinaztarren aldekoa zen eta hark erlijio bidea har zezan nahi izan zuen, baina Inaziok bizitza militarra nahiago izan zuen. Gaztelako koroaren zerbitzuan aritu zen 1506 - 1517 bitartean. Fernando II.a eta Isabel I. Inkisiziokoen agindupean Komuneroen matxinadan eta, Nafarroako errege eta frantsesen kontrako borrokan zenbait ekintza militarretan parte hartu zuen. Prozesu bat abiarazi zuten Inazio Loiolakoaren eta anaia baten kontra Azpeitiko eta Iruņeko auzitegietan (1515), bere portaera harroak eragindako gehiegikeriengatik.

1517an Antonio Manrike de Lara Naiarako eta gaztelarren izenean Nafarroako erregeordearen zerbitzuan hasi zen aitonen-seme militar gisa. Manrike de Lara-ren agindupean aritu zen Naiaran eta Gipuzkoan komuneroen mugimenduaren kontra. Enrike II. Albret Nafarroako erregeak Iruņea berreskuratzeko borrokan gaztelarren alde egin zuen, beaumondar leinuaren Luis Leringo III. eta Frantses lagun zituela. 1521eko maiatzaren 20ean, Iruņeko setioan, hanka batean larri zauritu zuten. Jaiotetxera eraman zuten eta hil zorian egon ondoren, bizitza erabat aldatuko zion erabakia hartu zuen: armak utzi eta bizitza erlijiosoan murgiltzea.

Osatu zenean Jerusalem-era joan zen erromes (1522); bidean, Montserrat-eko santutegian geldialdi bat egin eta bizitza militarrean egindako bekatuen aitormena egin zuen. Manresa inguruan pasa zuen urtebete, otoitzean, penitentzian eta apostolutzan; garai horretan idatzi zuen bere lehen obra espirituala, gero "Ejercicios espirituales" liburuan bilduko zuena. 1523an, Erroma, Venezia, Txipre eta Palestinara joan zen eta urte berean iritsi zen Palestinara; Espainiara itzuli eta ikasteari ekin zion. "Argieginak" taldeko kide izatearen akusaziopean atxilotu zuten. Parisko Unibertsitatean Filosofiako Doktoretza lortu zuen (1528 - 1534); beste zenbait unibertsitariorekin harremanak izan zituen, besteak beste Frantzisko Xabierkoarekin. Talde hura (Loinaz, Salmeron eta Bobadilla gaztelarrak; Fabro saboiarra eta Rodrigues portugaldarra) izan zen Jesusen Lagundia izango zenaren oinarria (1534).

Erromara joan ziren apostolutza-konpainia fundatu asmoz eta Aita Santuaren esanetara jartzera. Hasieran ezezkoa eman bazieten ere, ikusirik, indarra hartu zuela protestantismoari aurka egiteko, baiezkoa eman eta konpainia fundatu egin zen (1540). Inazio Deuna Erroman geratu zen, besteek misiolaritzarako bidea hartzen zuten bitartean; gogo-jardunak antolatu eta jendea bereganatzeko saioak egin zituen. Gaur egun Unibertsitate Gregoriarra izenez ezaguna dena (1551) eta ikastetxe Germaniarra delakoa sortu zituen (1552).

Erroman, konpainia sendotze-fasean zegoen; Asiako lurraldeak kristautu eta Europako protestantismoari aurre egitera joan ziren jesuitak. Inazio, turkiarren kontrako borrokan Espainiako Karlos I.a eta Felipe II.aren aholkulari izan zen. Inazio Loiolakoa hil zenean (1556), 1.000tik gora jesuita lau kontinenteetan eta 12 probintzietan zebiltzan barreiatuta. Kontrarreformako eta protestantismoaren kontrako borrokako pertsonaia garrantzitsua izan zen. Paulo V.ak kanonizatu zuen (1622). 

Loturak: >Antxieta, Joanes; >Martin Gartzia Loiola

Iturria: Elhuyar/ Lur