Iruriko kondea (Peyré, Arnaud-Jean)

Arnaud-Jean Peyré Oloron-en jaio zen 1599an eta 1672an hil zen. Olorongo merkatari aberats baten semea izan zen. Mosketarien kapitaina izan zen Parisko gortean. Bere ibilera eta menturak Alejandro Dumasek nobelatu zituen.

Bere aitak Iruriko (Trois-Villes) hamarrenak kobratzeko eskubidea eskuratu zuen eta 1607an bi etxe noble erosi zituen: Etxehandi eta Elizabehea, Irurikoak. Hortik aurrera nobletzat hartua izan zen familia. Arnaud arma karrera egin zuen eta 1616an kadete izendatu zuten frantses guardien erregimentuan. Hogeita bost urte zituela Luis XIII.aren agindutara jarri zen hark sortutako Errege-Zaintzarako arma taldean, Mosketariak deitu izanak.

Bere amaren laguntzari esker, Enrike III.a Nafarroakoaren ahaidea baitzen, 1643an mosketarien kapitaina izendatu zuten. Bere herrikide Aramits, Athos eta Portos armalagun hartuta menturaz mentura ibili ziren, erregeak horien berri izan zuen eta bere menera deitu zituen. Mandatu eta misio arriskutsuak ongi burutuen ordainez kargu berri eta, lur eta herri jabetzak eman zizkion. Horietako batzuek Souleko Gortearen agindupekoak ziren eta, horrela obratzeak Foruen kontrako egintzat hartu zen. Zuberoako lur-desjabetze politika erregeak eta Richelieuk bultzatu zuten Ipar Euskal Herrian.

Erregearen pribilegio bati esker Zuberoako bizkonde titulua jaso zuen, errege lurrak zirelakoan,enkantean hainbat ondasun erosi ondoren. Parisko Gortean zituen loturei esker Montoriko baronia erosi zuen, bere eskubideko herri eta guzti: Barlanne, Atherey goikoa, Laguinge eta Restoue; geroago baita ere, Atharratzeko eskubideen erosketarekin batera Abense, Alos, Sibas, Sunharrette, Etxebarre, Ligi, Lichans eta Alçabéhety. Orduan jabetu zen justizia ematearen eskumenaz. Hala ere, bere nagusitasunaren gorena 1641ean lortu zuen, errege lurrak zirelakoak erositakoan. Urte berean erosi zuen Maule-Lextarreko gaztelua, Beltzuntze leinukoa zena ordu arte. 1643an, berriz, Iruri herria eskuratu zuen eta konderri bihurtu.

Horrela, Lextarreko Gortearekin eta Armand Beltzuntzekoarekin aurrez aurre jarri zen. Hogeita hamar urtez aritu ziren liskarretan, Luis XIV.ak Maule-Lextarreko gaztelua suntsitzea agindu zuen arte hain zuzen. Souletarak bitarte horretan ez ziren geldirik egon. 1643an egindako erosketa ezeztatu ondoren herritarrek erregeari erosarazi zioten, diru gehiena herritarrek beraiek jarri bazuten ere.

Zerga berrien gehiegizkoa eta hirugarren estatuaren zor itogarria zuberotarren matxinada piztu zuen, matalas buru zutela. Erregeak Zuberoako lurrak berrerosi egin zituen, 1669an Jaurgain, Monjoulet eta 1671n Haristoi. Iruriko kondea Foixko gobernadore izendatu zuten, baina Mazarin-en eskuartzearen ondoren mosketari kapitain kargua utzi behar izan zuen. Arnaud-Jean Peyré Iruriko kondea 1672ko maiatzaren 8an hil zen.

Loturak: Ana Austriakoa;

Iturria: Auñamendi