Joan III.a Albretekoa

Joan III.a Albretekoa 1477an jaio zen ez dakigu non eta Monein-en hil zen 1516an. Nafarroako Katalina I.a erreginarekin ezkondu zen eta berarekin izan zen Nafarroako errege, Leskarren 1486an ezkondu baziren ere ez ziren 1494 arte erregetu. Alain Albretekoaren semea zen.

Politikari gaitasunik ez zuen eta Frantzia, Gaztela eta Aragoiko erregeen erasoen menpe ibili zen. 1512ko uztailaren 24an kapitulazioa eman behar izan zuen eta hurrengo egunean bertan hasita oste gaztelarrak Nafarroa Garaia eta Beherea inbaditu zituen. Fernando Inkisidorea edo Katolikoa eta Fadrique Alvarez Albako dukearen erasoari ezin izan zion aurre egin. Xabierko Joan Jasokoa eta Pedro Nafarroakoaren laguntzaz Biarnora ihes egin behar izan zuen (1512). Luis XII.aren laguntzaz Nafarroa birkonkistatzeko ekintza prestatu zuen; Nafarroan sartu eta Iruņea setiatu zuten, baina tropa gaztelarrei laguntza iritsi zitzaienean atzera egin behar izan zuen. Atzera egite horretan, gipuzkoarrek Belateko batailan eraso zioten; jasandako porrotaren ondoren Frantziara ihes egin behar izan zuen. Bigarren ekintza bat prestatu zuen Frantzisko I.a Frantziakoarekin (1521), baina horretan ere ez zuen emaitza onik lortu. Biarnora ihes egin eta bertan hil zen. Ondorengoa bere seme Enrike II.a  Albretekoa izan zen.

Loturak: >Foru Murriztua; >Pedro Laxage; >Sevillako ituna; >Borgia, Zesar;

Iturria: Elhuyar