Joan II.a Trastamara Usurpatzailea

Joan II.a Trastamarakoa Medina del Campo-n jaio zen 1398an eta Bartzelonan hil zen 1479an. Gaztelako printze eta Aragoiko errege Fernando Antekerakoaren semea. Nafarroako Blanka I.aren bigarren senarra izaki (1420), berak agindu zuen Nafarroan 1425 eta 1479 bitartean. Aragoi eta Kataluniako errege (1458 - 1479). Karlos IV.a Bianako Printzea izan zen beraien aurreneko seme eta maiorazkoa. Leonor I.a, berriz, Nafarroako hurrengo erregina.

Nafarroako Blanka I.a emazte erregina hildakoan (1441), Joana Enrikez-ekin ezkondu (1443) eta erresuma bere gain hartu zuen. Erregetzeko eskubidea, ordea, Karlos IV.a Bianako Printzeari zegokion. Nafarrak zatitu egin ziren eta agramondarren eta beaumondarren arteko anaiarteko borroka piztu zen. Hala ere, Joan II.a Trastamarakoa Gaztelako jatorria zuenez bertako barne liskarretan esku hartu zuen, 1445ean Gaztelako Joan II.aren osteek Alvaro de Luna kondestablearen agindutara, Olmedoko batailan, erabat menderatu zuen arte.

1451n Joan II.a Trastamararen semea Aibarren menderatu eta preso hartu zuen; 1453arte mantendu zuen. Bitan banatu zen Nafarroako administrazioa eta agintariek nork bere aldetik deitzen zituen Gorteak. Gerra zibila amaitu asmoz, 1455ean Joanek Karlos Bianako printzea desjarauntsi egin zuen eta bere alaba gazteena Leonor izendatu zuen ondorengoa izateko. 1458ean Aragoiko errege egin zuten eta Karlos IV.a printzea preso hartu zutenean Kataluniako altxamenduak aske uztera behartu zuen. Joan II.a hil zenean Foix-ko etxeak hartu zuen Nafarroako agintea, bere alaba Leonor I.a erregina Gaston IV.arekin ezkondu baitzen. Joan II.a eta Joana Enrikez Nafarroakoaren bigarren emaztearen semea Fernando II.a, Gaztelako Inkisidore Katolikoa eta Nafarroako Fernando I.a Faltsua izango zen.

Loturak: >Alfontso Aragoikoa; Joan GanboaLope Gartzia Salazarkoa; GodofreMajanoko treguaPierres Azkoiengoa; >Blanka II.a;

Iturria: Elhuyar/ Lur