Karlos II.a Espainiakoa

Karlos II.a Madrilen jaio zen 1661ean eta 1700an hil. Espainiako erregea (1665 - 1700) eta Karlos V.a izenaz Siziliako erregea (1665 - 1700). Felipe IV.aren eta Mariana Austriakoaren semea. Bi aldiz ezkondu zen: Maria Luisa Orleansekoarekin lehenik eta Maria Ana Neoburgokoarekin bigarrenik, baina ez zuen seme-alabarik izan.

Adin txikikoa zen bitartean ama izan zen erregeorde eta 1675ean hartu zuen kargua. Bere agintaldian Portugal eta Frantziaren aurka borroka egin zuen eta Frantziak hartu zituen Kataluniako toki garrantzitsuak. Austria etxeko azken erregea izan zen Espainian eta zentralismoaren aldeko joera gogortu egin zuen. Ondorengo zuzenik ez zuenez, hiru hautagai izan zituen monarkia katolikoa mantenduz ondorengoa izendatzeko: Felipe Anjoukoa, Frantziako Luis XIV.aren biloba; Karlos Austriakoa, Leopoldo I.a Habsburg enperadorearen semea eta Jose Fernando gaztea, Bavariako printze hauteslea. Lehenengo biek nagusigoa lor zezaketen Europan, beraz, Westfalian hitzartutakoaren kontrakoa zen. Gainera, Ingalaterra hirugarren aukeraren aldekoa zen, beste biei zegokien ordainak eman ondoren.

Karlos II.ak 1696an izenpetu zuen lehenengo testamentua Jose Fernando Bavariakoaren alde, ondorengo unibertsala izendatuz. Bien bitartean, 1698an, Europako beste botereek isilpeko ituna izenpetu zuten espainiar erregearen herentzia banatzeko: Babariako Jose Fernando Espainiako erregetza onartzen zioten, Espainia, Herbehereak eta Amerika barne; enperadoreak Milan hartuko zuen; eta Luis XIV.ak Espainiak Italian zituen ondasunaz gain, Gipuzkoa. Ordea, Jose Fernando gaztea urtebetera hil egin zen eta aukerak bitan geratu ziren, Enperadorea eta Frantziako erregea aurrez aurre jartzen zituena gainera.

  Karlos II.ak Felipe Anjoukoa, Luis XIV.aren biloba bere ondorengo izendatzeak Espainiako Ondorengotza-Gerra sortu zuen. Frantziako Luis XIV.a pozik hartu zuen izendapena jakin jakinda ere borbondarren etxea nagusitu eta gerra sortuko zela Europan. Luisek ez zuen gerra hura gelditzeko ahaleginik egin eta Herberehetako gobernuko prokuradore izendatu zutenean erronka jo zion Europari. Holanda eta Ingalaterra ustekabean harrapatu zituen eta Felipe V.a onartu behar izan zuten. Handik gutxira, ordea, Haga-ko Itun Handia (1701eko iraila) sinatu eta borbondarren kontra egin zuten.

Loturak: Habsburgeko etxea;

Iturria: Elhuyar/ Lur