Karlos IV.a Bianako printzea

Karlos IV.a Bianako printzea Peņafielen jaio zen 1421ean eta Bartzelonan hil 1461ean. Nafarroako XXIX. erregea (1441 - 1461) eta Gandiako dukea. Joan II.a Trastamarakoaren eta Blanka I.aren semea. Nafarroako Karlos III.a Prestuaren biloba. Bianako printzea; Korella, Zintronigo, Peralta eta Kadreitako jaun. Ines Klebeskoarekin ezkondu zen (Erriberri, 1439).

Blanka erregina hil zenean, haren senarra Joan II.ak hartu zuen erresumaren agintea, berez, eta amaren testamentuaren aginduz, Bianako printzea bien semeari bazegokion ere. Nafarrak zatitu egin ziren: batetik, agramondarrek, Nafarroako eta Aragoiko Joan II.aren alde egin zuten; eta bestetik, beaumondarrek, Karlos IV.a printzearen maisua Joan Beaumont-ekoaren eskutik, Bianako printzearen alde. Joan II.a aitak Karlos printzea semea agintetik bota eta Nafarroa Gaztelarekin gerran jarri zuen (1450). Printzeak Donostiara alde egin zuen eta Gaztelako Joan II.arekin baturik bere aitaren aurka borrokatu zen. Aitak semea preso hartu zuen Pedro Agramondarraren laguntzaz (1452), baina, Aragoiko erregeak eta Aiantzeko Karlosek aita eta semeak akordio batera irits zitezen lana egin, eta semea aska zezan lortu zuten.

Karlosek, ordea, borrokari berriro ekin zion. Orduan Joan II.ak Karlos printzea desjarauntzi zuen bere alaba Leonorren alde. Karlosek Frantziara jo zuen eta ondoren Napolira, bertako tronuaz jabetzeko asmoz. Ez zuen lortu, Siziliara jo zuen eta bere aitak handik Mallorcara bidali zuen. Aitarekin bakea egin eta Karlosek Aragoiko lurrak eskatu zizkion, baina Joan II.a Trastamarakoak bere seme Fernandori eman-asmo zituen eta ez zizkion Karlosi eman nahi izan. Bartzelonara joan zen eta aitak berriro preso hartu zuen (1460). Printzearen defendatzaile sutsuek, beaumondarrek barne, armak hartu eta printzea askatu zuten. Bartzelonako gobernadore nagusi egin zuten, baina, tuberkulosia jota hil zen (1461).

Loturak: Pierres Azkoiengoa

Iturria: Elhuyar