Karlos I.a Espainiako eta V. Alemaniakoa

Karlos I.a Ganten, Belgika, jaio zen 1500ean eta San Geronimo de Yuste-n, Extremadura, hil zen 1558an. Espainiako erregea (1516 - 1556) eta Karlos IV.a izenaz Siziliako errege (1516 - 1556) eta Karlos V.a izenaz Erroma-Germaniar Inperio Sakroko enperadorea (1519 -1556). Felipe ederraren eta Joana Eroaren semea, eta Maximiliano I.aren biloba. Herbeheretako printze izan zen (1506 - 1555) eta 1515ean bertako gobernu-buru izendatu zuten. Bere lehengusina Isabel Portugalgoarekin ezkondu zen.

Fernando II.a Katolikoa hil zenean (1516), Gaztela, Aragoi, Napoli eta Siziliako koroak eta horien menpeko Amerikako koloniak jarauntsi zituen. Gaztelako komuneroen matxinadari aurre egin behar izan zion (1520 - 1522) eta Nafarroako birkonkista ahaleginak zapuztu zituen, 1521eko ekainaren 30ean Noaingo guduan garaitu zen. Frantziako Frantzisko I.ak Inperioko koroa lortu nahi zuen eta Karlos I.ak haren aurka hiru gerra burutu zituen (1521-29; 1536-38 eta 1539-44), Pavia (1525) eta Erromako (1527) hondamenak aipagarriak izan ziren. Pavian Joan Urbieta kapitainak Frantzisko I.a preso hartu zuen.

1530ean Nafarroa Beherea hartu zuen, baina urte berean Nafarroako errege legitimo Enrike II.a Albretekoaren esku utzi zuen, baina ez horrela Nafarroa Garaia. Otomandarren hedakuntza eragozteko, Suleiman Bikainaren aurka borroka egin zuen: Tunis konkistatu zuen (1535), baina Aljer-en porrot egin zuen (1541). Garai honetan Luteroren erreforma Alemanian zehar zabaltzen hasi zen. Frantziako Enrike II.aren aurka ere borroka egin zuen (1547 - 1566). Ezin izan zituen, ordea, protestanteak garaitu, eta 1555ean Augsburg-eko bakea sinatu behar izan zuen; bertan, Alemaniako printze bakoitzari bere lurraldeetarako erlijioa (katolikoa ala protestantea) hautatzeko aukera ematen zion. 1556an, arazo politikoetatik urrundurik eta bere bi estatuak Felipe II.a semea eta Fernando anaia artean banaturik, bere seme Felipe II.aren alde abdikatu ondoren Yuste monasterioan erretiratu zen. 

Loturak: Foru murriztuaBlasko GaraiKlaudio LorrenekoaFrantzisko GuisekoHabsburgeko etxea; Filips Montmorency-koaAlonso Idiakez; Bartolome KarrantzaDiego MartinezNavarro, PedroServet, MigelUranzu, MartinUrrezko Ahari-larruaren Ordena; Zuņiga, Francesillo

Iturria: Elhuyar/ Lur