Leonor I.a Nafarroakoa

Leonor I.a Nafarroakoa ez dakigu non jaio zen 1420an eta Tuteran hil 1479an, Nafarroako XXX. erregina (1479). Joan II.a Trastamararen eta Blanka I.a Nafarroakoaren alaba; Karlos IV. Bianako printzearen arreba eta Blanka II.aren ahizpa zen. Gaston IV.a Foixko kondearekin ezkondu zen (1441). Aitaren ordez Nafarroako erregetzan aritu zen (1464 - 1479).

Joan II.a eta Karlos IV.a aita-semeen artean izandako tirabiren ondoren, Leonorrek Nafarroako erresumako ondorengotza-eskubidea eskuratu zuen, Karlos Bianako printzearen eta bere ahizpa zaharragoa zen Blanka II.aren eskubideen gainetik. Karlos IV.a hil (1461) eta Blanka giltzaperatu zutenean, Leonor eta Gaston IV. Foixkoa, Bianako Printze eta erregetzarako ondorengo izendatu zituzten. Leonor eta bere aita Joan II.aren artean gatazka sortu eta Gerra Zibila piztu zen; beaumondarrak printzearen alde eta agramondarrak Joan II.aren alde jarri ziren, anaia arteko borrokak piztu ziren.

1468an hil zuten Agramondarrek Nikolas de Txabarri Iruņeko apezpiku eta Leonorren aholkularia. Ondorioz Joan II.ak Leonorren seme Gaston Bianako Printzea, beste alaba erabat bazter utzita, izendatu zuen Nafarroako gobernari (1469). Gaston Bianako Printzea hil zenean (1470), Leonorrek agramondarren laguntza eskatu zuen; Fernando II.a Inkisiziokoak, ordea, beaumondarren laguntza lortu zuen. Leonor bere aitaren ordez agindu zuen Nafarroan (1464 - 1479). Joan II.ak Aragoiko koroari uko eginarazi zion 1471an; baina, Nafarroako benetako erregina izatea 1479ko urtarrilaren 28an lortu zuen, aita hil ondoren (1479 - 1 -19); erregetzan hamabost egun baino ez zituen egin, hil egin baitzen (1479 - II - 11).

Testamentuan, Karlos IV.a Bianako printzea anaiaren titulu guztiak eskatu zituen bere ondorengotzat eta biloba Frantzisko I.a Febori utzi zion Nafarroako erreinua. Azken aholku batean esaten zion Frantziako Luis XI.a erregearengana jotzeko, laguntza behar izanez gero.

Loturak: Pierres Azkoiengoa;

Iturria: Elhuyar/ Lur