Napoleon I.a (Bonaparte)

Bonaparte I.a Ajaccio-n, Korsika, jaio zen 1769an eta Santa Elena-n hil 1821ean. Frantziako Kontsul (1802 - 1804) eta enperadore (1804 - 1815). Karlos Maria Bonaparte eta Maria Letizia Ramolinoren bigarren semea. 

Autungo eta Parisko militar eskoletan egin zituen ikasketak (1779 - 1784). Konbentzio Gerra garaian Jakobinoen aldekoa eta Robespierren laguna izan zen, eta Toulonen ingelesen aurka nabarmendu zen (1793). Josefina Beauharnaisekin ezkondu zen (1796 - III - 9) eta Italiako armada frantziarren buru izendatu zuten (1796). Piemonte eta Austriaren aurka borrokatu ondoren, Campoformioko bakea ezarri zien (1797), Veneziako errepublika suntsitu zuen eta Errepublika Zisalpinoa sortu zuen. Iraultza frantsesaren Direktorioak Frantziatik urrundu nahian, Egiptoko espedizioaren ardura eman zion (1798-99).

1799ko azaroaren 9an Frantziara itzuli eta oposiziokoak beren artean borrokan ari zirela baliatuz Direktorioaren kontrako "Brumaireren 18-ko" estatu kolpea antolatu zuen; ondoren, Kontsulatua sortu zen. Bere ospeari esker Napoleon lehen Kontsul izenda zezatela lortu zuen (1799) eta Konstituzio larderiatsua ezarri zen. Berrantolatzeko nahikoa izan zuen 1800eko negua: justizia, administrazioa eta ekonomia ikuspegi zentralista ezartzeko. Austriak Italiako iparraldea bere esku zuenez, Napoleonek haren aurkako kanpaina antolatu zuen eta Marengoko batailan garaipena lortu zuen (1800). Elizarekin konkordatua sinatu zuen (1801). Biziarteko kontsul izendatua izan zen 1802an eta Napoleon I.a izena hartuta Pio VII.ak enperadore izendatu zuen 1804an.

Britainia Handia alde batera utzi eta Frantziaren menpeko batasun kontinentala lortzen saiatu zen. Armada Handia antolatu zuen eta Ingalaterra inbaditzen saiatu zen, baina, Nelson ingeles almiranteak Trafalgarren garaitu egin zuen (1805). Austria eta Errusiarekin gerran sartu zen eta Austerlitz-eko garaipena lortu zuen (1805). Jena-ko batailaren ondoren Prusia menperatu zuen (1806). Errusiako tsar Alexandrorekin Tilsit-eko ituna sinatu ondoren, Inperio Handia eraikitzeari ekin zion (1807 - 1809). Estatu Pontifikalak hartu zituen, Godoy-en laguntzarekin Portugal konkistatu eta Espainia inbaditu zuen, bere anaia Jose Bonaparte Espainiako tronuan jarri zuelarik. Ondorioz, Espainiako Independentzia Gerra hasi zen, eta Josep Dominique Garat-ek Euskal Herriko sei herrialdeak bateratuko zituen "Fenizia Berria" sortzea proposatuko zuen; beti ere, Napoleonen inperioaren menpe egituratzeko. Vienako Bakearen bidez Herbehereak bereganatu zituen. Etorkizuna ziurtatu nahian, bere lehen emazte Josefina baztertu eta Austriako enperadore Frantzisko II.aren alaba Maria Luisarekin ezkondu zen (1810). Tsarrarekin izandako haserreak zirela eta, bere armada Errusia inbaditzera bidali zuen (1812). Moskuraino iritsi zen, baina gerra galtzeaz gain, ikaragarrizko kaltean jasan behar izan zituen. Errusian porrot egin zuen eta harez geroztik gainbehera hasi zen.

Europako monarkiarentzat Napoleon arriskutsua zen, Iraultzailearen jarraitzailea baitzen eta gizarte-ordena ezberdina finkatu nahi zuela uste baitzuten. Ekialdeko Europan, Prusia buru zelarik, koalizioa antolatu zuten Frantziaren aurka eta Leipzig-eko garaipena lortu zuten (1813). Urte berean Irundik Euskal Herrira sartzen saiatu ziren, baina San Martzialgo batailan porrot egin zuen. Frantzia inbaditu zutenean, Napoleonek bere semearen alde abdikatu zuen (1814) eta Elba irlan atxilotu zuten. Vienako kongresuan (1814 - 15) Aliantza Laukoitza sortu zen, Napoleonek eraikitako Inperio Handia desegin eta Europaren antolaketa berria egin zuen. Frantzian, Lehen Berrezarkuntza ezarri zen. Napoleon, ingelesen zaingoa saihestu, Elba irlatik ihes egin eta Frantziara itzuli zen; bertan Ehun Egunak izeneko gobernua antolatu zuen (1815). Berriro europar koalizioari aurre egin behar izan zion eta Wellington jeneral britainiarrak Waterloo-n garaitu zuen. Bigarren aldiz abdikatu egin behar izan zuen. Santa Elena uhartera atzerriratu zuten eta bertan bizi izan zen hil arte. Frantzian, Luis XVIII.a erregetu zuten.

Loturak: >Fontainebleau; >Maximilien foy;  >Nikolas Garro; >Gasteizko bataila; >Joan Antonio Gerge; >Bartolome Gibelalde; >Pedro Agustin Giron; >Jean Blaise Goienetxe; >Gaspar Jauregi;  >Izualdi Zuria; >Karlos Joan XIV.a; >Luis Felipe I.a; >Klemens Von Metternich; >Napoleon II.a; >Napoliko erresuma; >Ney, Michel; >Orbe Elio, Jose Maria; >Parisko Itunak; >Pressburg-eko ituna;  >Soult Dalmaziako dukea; >Zaharren Kontseilua; >Maltako Ordena;

Iturria: Elhuyar/ Lur