Stalin, Djugashvili

Stalin Gori-n, Georgia, jaio zen 1879an eta Mosku-n hil 1953an. Tbilisiko apaizgaitegi ortodoxoko ikasle izan zen 1894 arte. 1898az geroztik Georgiako sozialdemokrazian jardun zuen. Lenin-ekin elkartu eta boltxebikeen iraultzan parte hartu zuen (1917). Nazionalitateetarako herri-komisario zela (1917 - 1922), zentralizazioa jarri zuen martxan. 1922an alderdi komunistako idazkari nagusi izendatu zuten eta 1924 - 1929 bitartean alderdi barneko oposizioa (Kamenev, Zinoviev, Trtski, Bukarin, Rikov) deuseztatu zuen.

Botere osoa eskuratuta, bosturteko planen bidez, industrializazioa bultzatu, kulak-ak (nekazari aberats) desagerrarazi eta nekazaritzaren derrigorrezko kolektibizazioari ekin zion (1930). Bere helburuak lortzearren, estatua eta polizia indartu eta lan bortxatuaren esparruetara milioika kulak deportatu zituen. 1934tik aurrera purga-kanpaina izugarria egin zuen alderdian eta armadan. Hitlerrekin ez-erasotzeko hitzarmena sinatu zuen (1939), baina 1941ean Alemaniaren erasoari aurre egin behar izan zion.

Indar armatuen buru bilakatu eta, Bigarren Mundu-Gerraz baliaturik, Sobietar Batasunaren eragina Europako ekialdeko estatuetara zabaldu zuen. 1947an Kominform-a sortu eta mendebaldearen aurka "gerra-hotzari" ekin zion. Jugoslaviako Titorekin harremanak eten ondoren (1949), eta betiere konspirazioen beldur, purgak egiteari berrekin zion hil arte. Stalin hil ondoren, Sobietar Batasuneko Alderdi komunistaren XX. kongresuak (1956) SEBko desestalinizazioa erabaki zuen.

Loturak: Jaltako konferentzia; Potsdamgo konferentzia

Iturria: Elhuyar