<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Erroma

Kristo aurreko VIII - VII. mendean (K.a. 753 - 509) Palatino-n lehenengo, eta gero Aventino, Kapitolina, Kirinal, Viminal, Eskilino eta Zelio, zazpi mendietan herri latindar eta sabinoak finkatu ziren. K.a. 753. urtea da Romulok Erroma fundatu zueneko alegiazko data. K.a. VI. mendean errege etruskoek hiria antolatu eta lehen harresi eta monumentuak eraiki zituzten.

Erromatar errepublika: aurreko bi mendeetan zehar monarkia izan ondoren, K.a. 509. artean Erromak Italiar penintsula konkistatu egin zuen armada bidez. K.a. 264 - 146 bitartean, berriz, Gerra Punikoetan bere etsai Kartago sarraskitu egin zuen. K.a. II. - I. mendean, Grezia probintzi erromatar bilakatu zen eta Asia txikia, Judea, Siria, Hispania eta Galia menderatu egin zituzten; 80 milioi biztanle zituzten beren menpe, baina, barne-borrokek Errepublika ahuldu egin zuten. K.a. 107 - 86 bitartean Mariok eta Silak armadaren laguntzaz agindu zuten eta Italiako Erromaren aliatuei hiritar eskubidea onartu zitzaien (K.a. 88). K.a. 60an Ponpeio, Kraso eta Julio Zesarren artean triunbiratu bat osatu zuten. K.a. 49 - 48an gerra zibila piztu zen. Zesarrek Ponpeio garaitu zuen Farsalian (K.a. 48). Zesar diktadorea K.a. 44an hil egin zuten eta K.a. 43an Antonio, Oktavio eta Lepidoren artean bigarren triunbiratua osatu zuten. K.a. 31n Zesarren iloba Oktaviok Aktium-en Antonio garaitu eta botere osoa eskuratu zuen. K.a. 27an Senatuak Augusto enperadore izendatu zuen eta Erromatar inperioak Mediterraneo inguru osoko kontrola lortu zuen.

Erromatar inperioa: K.a. 27an hasi eta K.o. 476 urteen bitartean iraun zuen. Hiru arotan bana daiteke inperioaren sorrera eta gainbehera: 

a) Goiz inperioa: (K.a. 27 - K.o. 235). Enperadoreek agindu zuten, administrazio sendoak lagunduta. Erakunde errepublikar garrantzitsu bakarra Senatua zen. Garai horretan lau dinastia izan ziren garrantzizko: bata, julio-klaudiotar dinastia (K.a. 27 - K.o. 68); Augustorekin hasi eta Neron bitartekoa, Inperioaren antolaketarako oso garrantzitsua izan zena. Bigarrena, flaviotar dinastia (69 - 96); Vespasianorekin hasi eta Domiziano bitartekoa; probintzietako burgesiak agintea eskuratu zuena. Hirugarrena, antoniotar dinastia (96 - 192); Nervarekin hasi eta Komodo bitartekoa, Erromatar Inperioaren urrezko mendea izan zena: Trajano, Adriano, Antonio eta Marko Aureliori esker. Eta laugarrena, severotar dinastia (193 - 235); Septimo Severorekin hasi eta Severo Alexandro bitartekoa; horretan, Karakalaren ediktuak Inperioko biztanle libre guztiei hiritartasun-eskubidea eman ziena, 212an.

b) Berant inperioa: 235 - 284 artean pertsiar eta germaniarren erasoen eraginez, Inperioak krisialdia jasan zuen, eta Galieno (260 - 268) eta Aureliano (270 - 275) enperadoreek garai anarkiko bati aurre egin behar izan zioten. Gero, 284 305 artean, Diokleziano enperadoreak krisialdiari amaiera eman zion eta tretarkia ezarri zuen (293): bi Augusto eta bi zesarrek agintzen zuteneko erregimena. Kristauen aurkako jazarpenak segitu zuen. 306 - 337 bitartean Konstantino enperadoreak kristauei beren erlijioa praktikatzeko (313) eta Bizanziori, Erromaren aurkakoa zena, bigarren hiriburua izendatzeaz gain bere izena eman zion: Konstantinopla (Istanbul, Turkia). 395ean, Teodosio I.a hil eta gero, Erromatar Inperioa erdibitu egin zen: Ekialdeko inperioa, Konstantinopla hiriburu zuena; eta Mendebaldeko inperioa, Erroma hiriburu zuelarik.

c) Inperioaren gainbehera: V. mendean, bisigodoen inbasioek Mendebaldeko inperioa gogor jo zuten:  410ean Alariko I.aren bisigodoek Erroman sartu ziren; gero, 476an, Odoakro errege barbaroak Romulo Augustulo azken enperadorea agintetik bota zuen eta Mendebaldeko inperioa desagertu egin zen. Ekialdeko inperioak, ordea, Bizantzio-Konstantinopla buru zuten bizantziar inperioa, 1453. arte iraun zuen.

Loturak: Hamabi taulen legea; 

 Iturria: Elhuyar