<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Hondarribiako setioa

1521eko maiatzean, Enrike II.a Nafarroakoak bere erresuma berreskuratzeko armada antolatu zuen, Frantzisko I.a Frantziakoaren laguntzaz. Nafarroako gudarosteak Noaingo bataila galdu ondoren, Guillermo Gouttier Bonnivet-eko almiranteak Amaiur berreskuratu eta Nafarroako Pedroren semearekin batera Hondarribia setiatu egin zuen, 1521eko urriaren 6an. Hamabi eguneko eraso-saioen ondoren eta bertakoak muniziorik gabe zeudela Diego de Vera gobernadoreak Hondarribia Nafarroako erregearen esku utzi zuen. Horrela, erregidore, alkate eta beste hainbat herritar Frantziara eraman zituzten preso. Hiri barruan zeuden gipuzkoarrak arma eta guzti atera ziren, batzuk bertan geratu eta beste batzuk, 500en bat, Lezora abiatu ziren. Milizia eta udal propioa antolatu zuten Juan Perez Azkue alkate eta kapitain izendatu eta Antso Alkizakoa alferez jarri zuten.

Hondarribian geratu ziren frantziarren gudarosteak eta Nafarroako erregeari leial ziren nobleak, besteak beste Mikel Jatsukoa, Xabier etxeko maiorazko eta Frantzisko Xabierko Deunaren anaia, horien anaia Joan eta Balentin lehengusua. Baina, Hondarribia isolatua geratu zen; gaztelarren aldeko gipuzkoar tropek Irun, Oiartzun, Errenteria eta Donostia kontrolatzen baitzuten. 1522ko ekainean, Beltran de la Cueva-ren osteak San Martzialgo bataila irabazi zuen, Karlos I.a Enperadorea Santanderren lehorreratu eta tropak bidali zituen. Hondarribiako itsas aldea blokeatu zuten, Frantziako Frantzisko I.ak 1.000 guda-gizonen laguntza bidali zuen Mr. Chanfarron-en gidaritzapean, Azkuek Chanfarron harrapatu eta lepoa moztu zion; gutxira, Azkue bera hil zuen bere osteetako soldadu batek, istripuz antza.

1524ko Gaztelako kondestable Iņigo Fernandez de Valasco-k gudaroste handi bat ekarri eta Hondarribia setiatu zuen. Bizkaitik 2.200 peoi etorri ziren Gonzalez Butroikoaren eta bere bigarren Martin Ruiz Abendaņoko aginpidean; Arabatik 800 etorri ziren. Hilabete eta erdi iraun zuen setioa: Etengabeko kanoiketen ondoren, Franget jeneralaren nafar-frantses tropek, lehenago espainolak errenditutako baldintza beretan eman zuten plaza. Gaztelako osteak Sancho de Leiva-ren aginduz martxoaren 25ean sartu ziren Hondarribiko plaza gotortuan.

Nafarrek, Pedro Nafarroako buruzagiaren semea aitzindari zutela, Gaztelako kondestablearekin negoziatu zuten kapitulazioa: Karlos I.aren barkamena, heriotza zigorra ez ezartzea eta ondasunen konfiskazioa ez gauzatzea.

Loturak: Klaudio Lorrenekoa; Diego Martinez

Iturria: Auņamendi