<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Ilustrazioa

Europako kultur eta filosofi mugimendua izan zen ilustrazioa. "Argien mendea" ere esan izan zaio (XVIII. mendea), gizateriaren ilunpeak arrazoimenaren bidez "argitzea" baitzuen helburu. Burgesiaren goraldi eta zientzien aplikazio teknikoen garapenari  lotuta zegoen mugimendua. Horren oinarrian filosofo frantsesen lanak eta arrazionalismoa daude: errealitate fisikoak aztertzeko erabilitako metodoa errealitate ekonomiko, politiko, erlijioso eta beste askori ere aplikatu nahi izan zioten. Gizartearen ideia eta pentsamoldeak aldatu egin nahi zituzten, hiru zutabeotan oinarrituz: gizabanakoaren balioa, arrazoimena eta aurrerapena.

Politikan, ilustrazioaren isla despotismo ilustratua izan zen. Baina horrekin batera teoria errepublikar eta antikolonialistak agertu ziren eta horiek izango ziren Ilustrazioari amaiera emango zion iraultza burgesaren oinarri. Mugimendu horretako pertsonaia nagusiak Frantzian Montesquieu, Voltaire eta Rousseau izan ziren; Alemanian Wolff eta Kant. Italian eta Espainian Ilustrazioak etena eragin zuen gutxiengo ilustratu eta herri katolikoaren artean.

Euskal Herriak XVIII. mendean kultur loraldi oparoa bizi izan zuen, Hegoaldean batez ere. Lekeitio, Mutriku, Bilbo eta Donostian egiten ziren bilkura-solasaldien bitartez gorpuztu zen. Itsaso-portu zuten herri haietara errazago iristen ziren atzerriko berri eta argitalpenak, Frantziatik batez ere. Hala ere, barnealdeko herri batean, Azkoitian hain zuzen, zegoen talde dinamikoena. Mugimenduaren bultzatzaile nagusiak Euskal Herrian Azkoitiko Zalduntxoak izan ziren, Peņaflorida kondearen inguruan bildurik. Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea eta Bergarako Erret Mintegia sortu zuten. Halaber, orduantxe jaio zen apologisten mugimendua, aita Larramendi buru zuela.

Iturria: Elhuyar