<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Iraultza frantsesa (1789 - 1799)

Frantzian Erregimen monarkiko Zaharrari amaiera eman zioten mugimendu iraultzaileen multzoari deitzen zaio Iraultza Frantsesa. XVIII. mendeko filosofo eta ekonomilarien ideia erreformistek erein zuten iraultzaren hazia. Nekazariak gero eta zapalduago eta okerrago bizi ziren, goi-noblezia eta kleroak gero eta pribilejio handiagoak zituzten bitartean, Erregimen Zaharra ez zen gauza egoera aldatzeko. Zuberoan, Jeanne-Philippe Bela-ko moduko jaunek lur asko galdu zituzten. Iraultza burgesiaren kontua izan zen eta klase ertainei eta kapitalismoari sarbidea eman zien historian.

1789ko abuztuaren 4an, Frantziako Asanblea Nazionalak Lapurdiko Biltzarrak, Nafarroa behereko Estatu Orokorrak eta Zuberoako Foruak deuseztatu egin zituen. Euskaldunek alferrik eskatu zuten Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherea elkartuko zituen lurralde-berrantolaketa berria. Frantzia departamentutan zatitu eta Iparraldea Biarnori lotu zitzaion, hirurogeita laugarren (64.) departamenduan. Euskal erakundeak suntsitzeak ondorio tamalgarriak izan zituen luzaroan. Ondorengo hamarkadetan nekazaritza pobretu egin zen eta gazte anitz hiri handietara edota Ameriketara emigratu behar izan zuten. Soldadutza frantziarren alde ez egitea eta bizimodu duinagoa lortzearren, XIX. mendearen lehen erdian, intsumiso eta desertoreak %80 izan zen Iparraldeko gazteen artean. Iraultzak lau aldi nagusi izan zituen:

Estatu Orokorrak eta Asanblea konstituziogilea.

Asanblea legegilea.

Konbentzio Nazionala.

Direktorioa.

Estatu Orokorrak eta Asanblea Nazional konstituziogilea: Frantziako Iraultzak ireki zuen aroaren aldaketa nagusia hiru urtetan eman zen. 1789an Estatu Orokorrak bildu ziren eta Lapurdiko hirugarren estatuko ordezkari hautatu zuten Josep Dominike Garat bere anaia Dominique Garat-ekin batera. Monarkia konstituzionalaren ahaleginak porrot egin eta diputatuek Asanblea Nazional konstituziogile izendatu zuten beren burua. Herriak Bastilla hartu zuen 1789ko uztailaren 14an eta, Asanblea konstituziogileak Gizakiaren eta Hiritarraren Eskubideen Deklarazioa onartu zuen. Kleroak 200.000 lagun soilik ordezkatzen zituen, nobleziak 500.000 eta Hirugarren Estatuak, berriz, 27,3 milioi lagun. Pribilijiatuek ordena bakoitzeko boto bana mantendu nahi zuten, nahiz eta Hirugarren Estatuak bere boto-eskubidea bikoiztea baino ez eskatu. Elizaren ondasunak herriaren eskuetara pasa ziren eta 1790ean apaizei konstituzio zibila ezarri zieten. 1791n, grebak eta koalizioak debekatzeko lege bat jarri zuten indarrean. Ekainaren 20an Luis XVI.a erregeak ihes egin zuen, baina Varennes-en harrapatu eta konstituzio berria onartu behar izan zuen. Uztailean Champ-de-Mars-en fusilamentuak izan ziren.

Asanblea legegilea: 1791an Biltzar hau lehen aldiz bildu zen eta konstituzioa onartu nahi izan ez zuten apaizen deportazioa agindu zuen. Ekonomi egoera gero eta okerragoa zen, erregea diputatuen kontra ari zen eta gerra piztear zegoen. 1792an jakobinoek Austriari gerra deklaratu zioten, gobernua hartu, girondinoak konbentziotik baztertu eta Konbentzio Nazionala ezarri zuten. Errepublika eskatzen zuen herriak, erregea preso hartu zuten eta monarkiari amaiera eman zioten. Iraileko sarraskiak gertatu ziren eta iraultzaileek austriarren inbasioa geldiaraztea lortu zuten.

Konbentzio Nazionala: Sufragio unibertsalaren bidez hautatu zen Konbentzioa. 1792an, Errepublika aldarrikatu eta Belgika hartu zuten. Girondinoek, mesfidati, aurka egin zien Parisko herriari eta Menditar alderdikoei, azken horiek sans-culottes-en laguntza lortu zuten. Ekonomiaren egoera zailari irtenbidea eman nahian sans-culottes-ek tasen inguruko neurriak eskatu zituzten, baina girondinoek ez zituzten onartu. Herriak, orduan, bere legea inposatu zion asanbleari, 1793ko ekainaren 2an. Luis XVI.a gillotinatu eta girondinoak atxilotu egin zituzten. Jakobinoek erregimen errepresiboa ezarri zuten, Izualdia izenaz ezaguna. 1794an, Robespierrek batetik Iraultza mantendu nahi zuten Hebert-en aldekoak eta bestetik Izualdiari amaiera eman nahi zioten Georges Dantonen aldekoak hiltzeko agindua eman zuen. Uztailean gobernua erori eta Robespierre hil egin zuten (thermidor). Iraultzaren aurkako mugimendua hasi zen, herria miseria gorrian baitzegoen. 1795ean Girondinoek gobernuan parte hartu zuten berriro. Basilea eta Hagako itunak Frantziarentzat onuragarriak izan ziren, ez horrela Euskal Herriarentzat. Iraultza-auzitegia desegin eta III. urteko konstituzioa onartu zen. Bonapartek, erregearen aldeko altxamendua gogor zapaldu zuen.

Direktorioa: 1796an, Bonaparte armada italiarreko buru bilakatu eta austriarrak garaitu zituen Arcoleko batailan. 1797an, erregetiarren aurkako estatu kolpea burutu zuten (Fructidor). 1798an, Napoleon Bonaparte Egiptora bidali eta Abukirko bataila galdu zuen. Frantziaren aurkako bigarren nazioarteko koalizioa sortu zen. 1799an, Napoleonek Egiptotik alde egin eta estatu-kolpe bat eman zuen. Napoleonen Kontsulatuak Iraultzaren amaiera ekarri zuen. Kontsulatuak demokratikoa zirudien, baina egiatan, Napoleon zen lehenengo Kontsula eta berak zuen botere osoa.

Loturak: Joseph FouchéAntoine  Fouquier; J. J. RosseauJakobinoen KlubaKarlos Joan XIV.aLaidoen kaierrakMadeleine LarraldeLuis Felipe I.aMonho, SalvatNecker, JacquesNey, MichelOrléansko dukea, Luis Felipe JoseParisko Komuna

Iturria: Elhuyar/ Gaiak