maiorazko
Familia batean, aurrena jaiotakoa; oinordekoa, primua. Honek, aurrenik jaiotakoaren lehentasuna zekarren; oinordekotza edo primutasuna alegia.
Jokaera
honek familiaren ondarearen osotasuna zatikatu gabe mantentzea helburu zuen.
Maiorazkoa instituzio gisa Gaztelan sortu zen XIV. mendean eta Berant
Erdi Arotik XIX. mendera bitartean ezaugarri bertsuekin mantendu zen. Euskal
lurralde batzuetara ere igaro zen, Gaztelako koroaren menpeko ziren Araba,
Gipuzkoa eta Bizkaira lehenik eta Nafarroara geroago (XVI. m.an). Hala ere,
badirudi famili ondasunak, oinetxea bereziki, seme-alaba bakar bati -gehienetan
zaharrenari- uzteko joera lehendik ere oso zabaldua zela Euskal Herrian, eta
XVI. m.an orokortu egin zela, nobleziaz gain beste gizarte-klaseetara ere
hedatuz. Gipuzkoan Gaztelako zuzenbidea zegoen indarrean, dena dela, bat
zetorren aurreko ohitura batekin, familiako ondasunak zatikatu gabe osorik
mantentzearen aldeko zen usadioarekin alegia. Arabak ildo beretik segitzen zuen,
eta salbuespena Aiarako forua (1373) izan zen, testamentua egiteko garaian
erabateko askatasuna ematen zuena. Bizkaian legeak berez ez zuen
primutasun-eskubidea ezartzen; praktikak ordea bai: Durangoko foruak ondasun
guztiak oinordeko bakar bati -testamentugileak nahi zuenari- uztea ahalbidetzen
zuen. Bizkaiko foru zaharrak ondasun higigarriak eta onibarrak bereizten zituen;
azken hauek seme-alaba guztientzat izan bazitezkeen ere, bakar bati uzterik ere
bazegoen. Nafarroaren kasua (Nafarroa Beherea barne) ez da zehatz mehatz
ezagutzen. Nafarroako Foru Nagusiak primutza-ordena ezartzen zuen noblezi
mailan, baina herri xeheari zegokionez debekatu egiten zuen. Instituzio honen
izaera aski taxutua geratu zen Lizarrako Gorteetan 1556an, eta aurrerantzean
noblezi mailan ez ezik, beste mailetan ere agertu zen. Hau guztia XVIII. eta
XIX. m.ko xedapenekin osatu zen. Lapurdin eta Zuberoan instituzio gisa ez zen
maiorazkorik izan, dena dela, bertako legeak ahalbidetzen zuen ondasunak osorik
mantentzea, Gaztelako maiorazkoaren antzeko sistema baten bitartez. XVI m.an
hedatuz geroztik, maiorazkoak etxe eta errentarik onenak integratu eta
amortizatu zituen; bere inguruan oligarkia errentaduna sortu zen,
ekonomiarentzat eragozgarri izan zena. Bestetik, boterea oso familia gutxiren
esku pilatzea ekarri zuen. Eta famili ondasunak ez sakabanatzen lagundu bazuen
ere, seme-alabetan ondasunik jasotzen ez zutenen kalterako izan zen, oro har.
XVIII. m.an instituzio hau deuseztatzearen aldeko giroa nagusitu zen, baina
ahaleginek ez zuten halakorik lortu eta XIX. m.ra arte iraun zuen.