<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Sorginak

Maiz, erratz baten gainean, katua lagun eta kapela tente batez jantziak irudikatu dira euskal sorginak. Garai horretako emakumeen jantzia, ordea, oso bestelakoa zen Euskal Herrian. Oso litekeena da sorginak ere modu horretan jantziak izatea.

Ikus: emakumeen jantzia

Euskal Herrian betidanik sinestatu izan da sorgintasunean. Gaur egun, batez ere, akelarreekin lotzen badira ere, aitzinean sorginek gauza onak eta txarrak egin zitzaketen. Apoa, sugea, erratza, akerra... elementu sakratuak ziren eta emakumeen indarra erakusten zuten. Herritar asko joaten zitzaien laguntza eske: ukendu, sendabelar eta aholku eske alegia; alabaina, mundu magiko hori deabrutu egin zuen eliza katolikoak, beldur eta gorrotoa sortu asmoz sorginei buruzko alegiak asmatu zituen. Elizak emakumearen ahalmen hori ezabatu nahi izan zuen, bera baitzen deabruarekin harremanetan jartzen zena, lehorteak eragin eta begizkoa botatzen zuena. Izaeraz, berriz, zitalak omen ziren, zikinak eta sexualitate handikoak.

Eliza Katolikoaren ustez emakumea zen paganismoaren zabaltzaile nagusia Euskal Herrian: akats handiak ditu, arriskutsua da eta sexualitate kontrolaezinekoa da; gainera, kutsakorrak dira eta fisikoki aldrebesak. Berotasun handia dute gorputzean eta sagar bat eskutan hartuz gero, ximel-ximel eginda uzten dute. Azken finean, egiazki, sorginek boterea dute eta botere hori kendu nahi die elizak. Gainera, mezu horren guztiaren azpian interes politikoa ere nabarmen ikus daiteke: XVI. mendean Gaztela eta Frantziako monarkiak Pirineotako Ituna (1659) prestatzen ari ziren Nafarroa bitan banatzeko. Sorginak "muga" horren alde batetik bestera igarotzen ziren, zatitu nahi zen lurralde bakarrean bizi ziren, eta horregatik, arriskutsuak bilakatu ziren. Elizak ere Jainko bakarra ezarri nahi zuen eta jauntxoek feudalizazio saioak egin nahi zituzten. Herritarrak matxinatu egin ziren, eta Gaztela-Frankoen erregeek eta Erromako elizak Inkisizioa martxan jarri zuten. Errepresio bide hori ongi baitzetorkien horiei denei.

Loturak: >Lancre Pierre;

Iturria: Berria, Idoia Etxeberria.