|
<<< Orri Nagusira |
www.puntubi.com |
Antso III.a Nagusiaren oinordetza
Nafarroako
Antso III.a Nagusiaren semeek
gaztetatik jardun zuten aitarekin agintean, horrela behar izanez gero,
erresumaren defentsan prest egon zitezen. Gartzia
Santxez, lehen ezkontza-semea, aitarekin aritu zen
erresumako hiri garrantzitsuenetan gobernatzen, hala nola Iruņean edo Naiaran.
Fernando Gaztelako kondea izan zen 1029tik; Gontzalok, gazteenak, bere esku
izan zituen Loarreko eta Samitierko lurrak eta gazteluak aitaren azken urteetan.
Ramiro ere jarduera publikoan aritu zen Antsok agindutako tokietan: Aragoin. Garai
hartako dokumentuetan jatorria aitortu zitzaien eta horregatik "errege txikiak"
deituak izan ziren. Anaia Gartzia, berriz, zuzenbidez oinordeko, errege kontsideratu zen
"jainkoaren graziaz", hau da, titulu hori eramateko zilegitasuna zuen bakarra.
Beraz,
Gartzia III.a Santxezi errege koroa eta Iruņeko erresumaren lur guztiak
egokitu zitzaizkion eta beste hiru anaiek (laugarrena, Bernardo, gazterik
hil zen) mendeko gisa, errege ondareko lote batzuk eta horiekin lotutako jarduera publikoak jaso zituzten.
Horrela bada, Gartziaren esku gelditu zen Iruņeko erresuma, hau da baskoien
lurraldea: Arabako eta Bizkaiko konderriak,
Gipuzkoa, Naiaraldea eta Aragoi. Horiez gain, aitak bereganatutakoak: Sobrarbeko
eta Ribagortzako konderriak ekialdean, eta Gaztelakoa, mendebaldean. Azken
horretan, Iruņeko erregearen aitormenaz gain, Gartziak, amaren herentziaren bidez, Castella Vetula edo Gaztela Zaharra
deitutakoa (Trasimera eta
Bureba) jaso zituen eta biak gelditu ziren errege iruindarraren
agintepean eta ezkontza-horni gisa eman zizkion bere emazte Estefaniari
1040an.
Fernandori
Gaztelako kondearen titulua egokitu zitzaion, anaia zaharraren mendean.
Alabaina, mapa gehienek Gaztelako konderria Iruņeko erresumako ondaretik
bereizita marrazten dute, nahiz eta Fernando behin ere ez deitu Gaztelako errege
eta aginte hori ez lortu 1037 arte, orduan jaso baitzuen Leongo koroa eta aipatu
titulua eramateko bidea. Baina Fernandoz gain, Ramirok ere eskuratu zituen
hainbat herri, sasikoa izanagatik, eta horrenbestez, pentsa liteke lur horiek
semeen artean banatu zirela, herentziaren zati bezala. Antsoren seme
zaharrenari errege ondareko herri asko, Vadoluengo eta Matidero artean
zeudenak, eman zitzaizkion eta horren truke, zin egin zion aitari ez zela anaia
Gartziaren aurka matxinatuko, ezta kezkaraziko ere, bere erresuman. Anaien
artean liskarren bat izango bazen ere, Gartziak eskuzabal moldatu zuen eta zintzo
eta zuzen jokatu. Bestalde, anaiordeek bezala, ez zuen sekula "Aragoiko
errege" titulurik hartu.
Gontzalori
Sobrarbeko eta Ribagortzako konderrietako errege jabetzak eman zitzaizkion.
Tamalez, Antso Nagusiaren seme gazteenaren bizitzaz gutxi dakigu. Alta hil
zenean hamabost bat urtekoa behar zuen, baina berriak falta zaizkigu. Erdi Aroko kronikek
pertsonaia ahantzi
zuten XIV. mende arte eta orduan idatzitakoagatik pentsa liteke hil egin zutela
1045 baino lehenago eta bere jabetzak Ramiroren esku gelditu zirela.
Beraz, Antso Nagusiak ez zituen lurrak banatu semeen artean eta Gartzia izan zen lurralde hain ezberdin haietako errege bakarra; baina historialari gaztelar eta leondarrek beti margotu izan zituzten Gaztela eta Aragoi erresumak burujabe balira bezala, Antso Nagusiaren herentzia aipatzen zutenean. Ziur aski, ez zeuden ohituak beren lurraldeak errege atzerritar baten eskuetan ikusten.
Antso
Nagusiaren jokabidea Hispaniako lurretan hain izan zen ezberdina ikuspegi
inperialista leondarretik, ezen izugarrizko nahasmendua sortu baitzuen autore
gaztelarren artean, ezin zutelako ulertu errege nafarraren jarduna egitasmo
bateratzaile ohikoetatik at. Horregatik, eta bere jarrera oldartzaile
justifikatzeko egoki zetorkielako, pentsarazi zuten estatua banatu zuela eta
erresumen buru semeak paratu zituela. Alabaina, ez dago horrelakorik. Antsok ez zuen
erresuma banatu semeen artean, eta bere ondorengoak erresuma-kristau guztietako buru
jartzea gobernatzeko bere gaitasunari eta abileziari zor zaio; aspaldian
bere lurretan indarrean zen zuzenbide piriniarra erabili zuen, ez besterik, eta
zuzenbide horretan ezin zen erresumako lurralderik zatitu.
Iturria: Aitor Pescador Medrano;